Astrabuduko Meso kaleko lanen lehen fasea bukatutzat eman dute

Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 17:53

Meso kaleak lanen ostean duen gaur egungo irudi berria. © ERANDIOKO UDALA

Irisgarritasuna hobetzeko, eremua eta trafikoa berrantolatzeko eta ingurune atseginago batean mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiteko helburuagaz Meso kalean egindako lanen lehen fasea amaitutzat eman du Erandioko Udalak. Lan horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioari esker egin dela jakianarazi dute udal-iturriek, Herriak Egiten Aparteko Funtsari esker.

Zehaztu dutenez, lehen fase honetan Iturribengoa Zeharkalearen eta Lubarriko elkargunearen artean egindako esku-hartzerako ia 1,4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin dute, zehazki, 1.392.228,46 euro, BEZa barne.

Hasiera batean aurreikusitako 1.160.874 euroko hasieran planteatutako prezioari 231.354,46 gehitu behar izan dizkiote ur-hornidura sarea birjartzeko, egoera txarrean baitzegoen, eta horrek asko luzatu ditu kostuak eta gauzatzeko epeak.

Obrek zera egin dute: jarduketa-eremuko zoladura erabat berritzea; dauden espaloiak handitzea; bizikletentzako lehentasuna izango duen erdiko errei bat prestatzea; saneamendu-sareak, argiteria publikoa, ur-hornidura, gas naturaleko eta telekomunikazioetako sareak egitea; landaredia landatzea; aireko elektrizitate- eta telefono-lineak lurperatzea; hiri-altzarien elementuak berritzea; aparkalekuak egitea eta seinale bertikalak berritzea.

Une honetan, Udalak hurrengo bi faseei hasiera eman edo auzoari denbora batez "arnasa hartzen utzi" behar ote zaion planteatzen ari da, datozen egunetan hasiko baitira Josu Muruetaren ingurua egokitzeko lanak. Hain zuzen ere, hurrengo faseetan, Mesok Lubarrigaz duen elkargunetik Aldaietabidearaino eta Anbulatorioraino eta Ignacio Aldekora joateko irteeraren jarraipeneraino jarraitu beharko lukete lanek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun