Aurtengo Erandioko San Silvestre lasterketak hiru modalitate izango ditu abenduaren 31n: 09:15ean Obieta kaletik aterako den 11 kilometroko nordic walking edo martxa nordikoa, 10:00etan hasiko den 11 kilometroko lasterketa eta 11:00etan hasiko den 2,5 kilometroko familia-lasterketa. Lotura honen bitartez eman beharko dute izena lasterketetako batean parte hartu gura dutenek.
Lehen aldiz egingo den martxa nordikoa eta ohiko lasterketa Altzaga, Astrabudua, Goierri, Erandiogoikoa eta Arriaga auzoak zeharkatuko dituzte, Irailaren 23a plazan bukatu arte. Aldiz, familientzako lasterketa Ategorri institututik Astrabuduara joango da, eta ibilbidean zehar DJ Munza eta DJ Eraso izango dituzte lasterketa girotzeko.
Frogaren ostean, parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute kiroldegian, eta, 12:00etan, Irailaren 23a plazan umeentzako txokolatada, zozketak eta kanpanada txiki ere egingo dute.
Aitziber Oliban alkateak ekitaldiaren aurkezpenean adierazi duenez, "erandioztarrentzat kirola modu ludikoan eta familian egiteko aukera bat da". gaineratu duenez, ekimena Hiri Hezitzailearen aterkiaren barruan sartzen da, "balioak transmititzen dituzten eta familian egin daitezkeen jarduerak bilatzeko".