Jorge González Berdintasun zinegotzi delegatuaren hitzetan, "gure bizilagunak elkartu eta beraiei dagozkien gaiez hitz egiteko gune bat izango da, babesaren sentsazioa eta ahalduntzea indartzeko, hain zuzen ere. Adineko emakumeei ikusgarritasuna emango dien proiektua ere izango da, beraien errealitateari, iritziei eta bizi-baldintzei dagokienez".
Udal-iturriek aurreratu dutenez, 10 saio egingo dituzte guztira, eguaztenetan, urtarrilaren 17tik martxoaren 20ra bitartean. Topaketa-lekua Altzagako Jubilatuen Elkartearen lokala izango da, 18:00etan, 19:00ak arte.
Topaketa horietan landu beharreko gaiak aldez aurretik parte-hartzaileekin adostuko dituztela ere azaldu dute, eta, horretarako, solasaldien dinamika erraztuko duten materialak eta dinamikak erabiliko dituzte. Zentzu horretan, Udalak hainbat gai jorratzea planteatuko du, hala nola, beren bizitzetan izan duten zaintzaile papera eta horietan izan duen eragina, egungo gizartean adineko emakumeaz duten pertzepzioa, feminismoa, berdintasuna... baina, hala ere, argitu dute beraiek erabakiko dutela zer eduki jorratu eta nola egin.
"Gure ustez, batzuk deserosoak izan daitezke emakume batzuentzat, eta, horregatik, haien esku geratzen da erabakitzea saio bakoitzean noraino parte hartu gura duten eta gairen bat aldatu edo gehitu gura duten", azaldu du du Gonzalezek.
Dokumentatutako saioak
Iragarri dutenez, saioak ahots-grabagailu bidez grabatuko dituzte, bilketa-dokumentu batean saioetan partekatutakoaren transkripzio zehatza egiteko. Dokumentu horretan, lehenik eta behin, proiektua nola egin den azalduko dute, adineko emakumeen esperientziak balioetsiko dira eta prozesua garatuko da.
Proiektuaren emaitzak saioak jasoko ditu, parte hartu duten emakumeen pertsona, iritzi eta erabakiak erabat errespetatuz. Azaldu dutenez, helburua solasaldiak beraienak egitea da, tertulia horietatik igaro izanaren adierazgarri izan daitezen.
Proiektuaren azken fasean, esperientzia horien emaitzak erakutsi gura dizkiete Erandioko herritar guztiei, eta parte hartzen duten emakumeek erabakiko dute zein den formaturik egokiena: erakusketa, hitzaldi irekiak, dokumental bat...