Kontratazioaren inguruko dokumentazioa plataforma digital batean omen zegoen, baina oposizioko alderdiek ez zeukaten horren berririk, ez baitzieten ezer jakinarazi. Horren aurrean, eta, kontutan izanda 8.709.000 euroko kontratu batez ari zirela, alderdi politikoetako kideek bozketa atzeratzeko eskatu diote gobernu-taldeari, argudiatuz horrelako garrantziko kontratu bat ezin dezaketela eztabaidatu dokumentazioa behar bezala aztertu gabe.
Hala ere, gobernu-taldeak atzeratzea ukatu du, "urgentziazko" omen baitzen. Are gehiago, EH Bilduko kideen esanetan, EAJ udal-taldeko bozeramaileak "harrokeriaz eta nagusikeriaz" erantzun die bozketagaz aurrera jarraituko zutela. Horren aurrean, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPko ordezkariek batzordea uztea erabaki dute.
"Gu ere herritarren ordezkari garela eta herritarrek errespetatuak izatea merezi dutela", azpimarratu dute EH Bilduko kideek. Ildo horretan, PPko ordezkariak zera esan du: "Gure ustez, zenbateko horretako kontratu bat modu publikoan eztabaidatu behar da, eta hausnartzeko denboraz, azken finean, herritarren dirua da, eta modu eraginkor eta eraginkorrean gastatu behar dela uste dugu".
Koalizio abertzaleko kideek deitoratu dute gaur gertatukoa, "ez dela salbuespenezkoa". Azaldu dutenez, aurreko martitzenean antzeko zerbait gertatu zen, "eta askotan aurreko legegintzaldian". Hala ere, gaurko egoera bestelakoa izan dela azpimarratu dute eta horregatik udal-gobernuari eskatu diote bozketa hurrengo hilabetera atzeratzea eta hurrengo asteleheneko ezohiko batzordeak ez dezala inolako gasturik eragin udal-kutxari, "gaurko batzordea ezin izan delako egin haien arduragabekeriagatik".
Zentzu horretan, PPk gaineratu du hainbat hilabete daramatzatela Udalaren "praktika antidemokratikoak salatzen", eta, horregatik, ezinbestekotzat jotzen dutela Udal Araudi Organikoa (ROM) sortzea, "garrantzi handiagoko neurriak modu arbitrarioan erabaki ez daitezen, bulegoetan eta oposizioko kideei inoiz kontsultatu gabe".
Aurrekonturik gabe
Bere aldetik, PPk erantsi du oraindik 2024ko aurrekontuak onartu gabe daudela, "ulertu dutenez, 600.000 euro inguruko deskoadratzea baitago. Udal aurrekonturik gabe pasatzen dugun egun bakoitza Erandioko garapenean aurrera egiteko galtzen dugun eguna dela uste dugu".