ELA sindikatuak jakitera eman duenez, Erandioko Udaleko autobus-zerbitzua ematen duen Transitia enpresak errelebo kontratu bidezko erretiro partziala ukatu dio legeak ezarritako baldintzak betetzen dituen 63 urteko langile bati. "Legeak jasotzen duenaren arabera, errelebo kontratuaren bitartez erretiroa hartzeko eskubidea dauka; enpresak, ordea, ukatu egin dio", azaldu dute sindikatutik.
Era berean, sindikatuak Erandioko Udalaren jokabidea ere gaitzetsi du, bera baita zerbitzuaren arduraduna eta finantzatzailea. Diotenez, enpresa "nahita ari da zerbitzua okertzen, murrizketak egiten eta lan-baldintzak izozten, eta Udalak hori ahalbidetzen du". Izan ere, gaineratu dute Erandiokoa ez dela Transitia enpresak duen gatazka bakarra, Barakaldoko KBUS eta Bilbobusen ere gatazkak baititu.
Sindikatuak erantsi du Udaleko arduradunakaz kontaktuak jartzen saiatu direla, baina ez dutela erantzunik jaso. Aldiz, behargina bera alkateagaz bildu omen da, konponbide bat bilatzeko, baina ez du erantzunik jaso; "67 urtera arte gidari lanetan egotera kondenatu nahi dute", salatu du ELAk.