Erandioko Udalak zaborren atez ateko bilketa-sistema eramango du hirigunetik urrunen dauden etxebizitzetara. Azaldu dutenez, orain arte, ezin zuten zaborra sailkatuta bildu hainbat arrazoiengatik, hala nola etxe eta baserri sakabanatuak, kamioi handiarentzako sarbide zailak edo bilketa-puntura iristeko distantzia handiak.
Udalerriko gune barreiatu horietako erabiltzaileei egindako inkesta baten jakin ahal izan dutenaren arabera, "gehiengoa dira papera, beira, ontzi arinak eta organikoa birziklatu gura dutenak, eta zati txiki bat dira orain arte bezala jarraitzea nahiago dutenak", azaldu du Udalak.
Zehaztu dutenez, aste honetatik aurrera, kamioi txiki bat gura duen etxeetara hurbilduko da gaikako bilketa egiteko. Horretarako, asteko egutegia prestatu dute: astelehenetan, gainerako frakzioa eta zati organikoa jasoko dituzte; martitzenetan, papera, kartoia eta ontzien txanda izango da; eguaztenetan, gainerakoa eta organikoa hartuko dute; eguenetan, papera, kartoia eta beira eramango dituzte; eta barikuetan, berriz, hondarra eta organikoa izango dira. Frakzio guztiak goizeko 06:00etatik 13:00etara jasoko dituzte, zati organikoa izan ezik. Frakzio horren ordutegia 13:00etatik 15:00etara izango da.