Egitasmo berriari esker Erandioko 45 urtetik gorako 24 pertsonari emango diete lana. Programan izena ematen dutenek lan-munduratzea sustatzeko eta enplegua sortzeko sei hilabeteko kontratuak izango dituzte, % 75eko lanaldi partzialean. Gainera, prestakuntza ere emango zaie lan-orientazio eta aholkularitzagaz, konpetentziak jaso ditzaten.
Proiektuak parte hartu gura duten pertsonek Lanbideren webgunean eman beharko dute izena urtarrilaren 25etik 31ra bitartean, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Erandion erroldatuta egotea, Lanbiden langabe gisa egotea, 45 urte beteta izatea eta aurreko 2022-2023 deialdian parte hartu ez izana.
Arduradunek zehaztu dutenez, kolektibo kalteberak izango dituzte bereziki kontuan, eta horregatik hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izango dira.