Aurrekariak dituen gizon bat atxilotu dute Erandion, haur-pornografiako ustezko delitu bat egotzita

Ander Zarraga 2024ko ots. 5a, 09:07

Ertzaintzak 51 urteko atxilotuaren bi higiezinetan egindako miaketetan hainbat material informatiko eta gailu elektroniko konfiskatu dituela jakinarazi du Segurtasun Sailak. Momentuz, polizia zientifikoa atzemandako informazioa aztertzen ari da. 

Atxiloketa aurreko barikuan izan zen, ostailaren 2an, Enekuriko etxebizitza batean. Segurtasun saileko iturrien arabera, atxilotutako 51 urteko gizonak aurrekariak zituen: sexu-abusuak, exhibizionismoa eta adingabeen aurkako jazarpena.

Zehaztu dutenez, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko Pertsonen Aurkako Delituen Arloko agenteek haur-pornografiarekin zerikusia izan zezakeen pertsona bati buruz egindako polizia-ikerketen ondorioz egin zuten operazioa.

Gizona identifikatu eta atxilotu ondoren, agenteek miaketak egin zituzten Erandioko etxebizitza batean eta Bilboko lokal batean. Ikuskapen horietan, biltegiratze informatikoko hainbat gailu eta beste elementu elektroniko batzuk konfiskatu zituzten, eta Ertzaintzaren polizia zientifikoa daborduko aztertzen ari dela azaldu dute. Horrez gain, substantzia estupefazienteak ere aurkitu zituzten miaketetan.

Momentuz, Ertzaintzak kasu horri buruzko polizia-ikerketekin eta konfiskatutako materialaren azterketarekin jarraitzen du, haren garrantzia eta balizko biktimak, ustez adingabeak, argitzen saiatzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun