Monasterio txikitatik egon zen lurrindegian "trasteatzen", eta gaztetatik egon zen mostradorearen atzean. Bere ahizpagaz batera hainbat urte eman ditu bertan lanean, hori ere erretiratu zen arte, eta laster, urte bat barru edo, berak ere erretiratzeko asmoa duela iragarri du.
Dendariak azaldu duenez, merkatari izatea zainetan darama: "Nire familiakoak beti izan dira merkatariak: nire aititek erriberako arotzeria zuen, nire amonak ardandegi bat eta nire aitak Dadena taberna ireki zuen, euskarazko izena izan zuen lehena Altzagan. Horretarako karakterea izan dugu familian, baina ohitura hori nirekin bukatuko da".
Konpetentziarik latzena
Gogoratu duenez, bere amak negozioa hasi zuenean, Erandion sei edo zazpi lurrindegi zeuden, baina gaur egun bakarrik bi geratzen dira, "nirea eta nik baino urte gehiago dituen beste batena". Urte horietan guztietan, Erandioren bilakaeraren lekuko izan da bera: "Erandio oso hiri industriala zen, eta lantegiak desagertu zirenean hori nabaritu egin zen, gure bezero askok ere oso txarto pasatu zutelako; gainera, orduan ez zegoen saltoki handirik, dena herriko dendak ziren".
Hasieran, denda lurrindegia izateaz gain, beste hainbat produktu saltzen zituztela ere gogoratu du, hala nola lixibak, margoak... Jantziak ere saldu izan dituztela dio, eta, gaur egun, bestelako produktuak ditu, besteak beste, osagarriak, makillajea edo lurrinak.
Azaldu du bera eta berea bezalako negozio txikientzako konpetentziarik okerrena Internet izan dela: "Hasieran, pentsatu genuen saltoki handiak izango zirela gure lehiakiderik nagusienak, baina Internetena beste kontu bat da, jendeak dena etxetik erosten du". Horren aurrean, herriko negozio txikiek hurbiltasuna eta konfiantza ematen dutela dio berak, "guk gertutasuna ematen dugu harreman estua daukagulako jendearekin eta batzuetan psikologo lana ere egiten dugu, jendeak beraien pozak eta penak partekatzen ditu gurekin".
Deitoratu du ez duela bere negozioa jarraituko duen inor, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren belaunaldien arteko erreleboa egiteko programari esker norbait bilatzen ari da. "Beraiek auditoria bat eta alokairua eta gestio guztiak egiten dizkizute kontuak gardenak izateko, nik ez baitakit hori nola egin", azaldu du.
"Lehen, belaunaldien arteko erreleboa familian ematen zen, baina gaur egun ez dago halakorik, beraz hor nago begiratzen ea beste norbaitek negozioa hartzen duen. Pena ematen dit hau uzteak, ia nire semea bezalakoa da, betidanik egon bainaiz hemen eta familiaren negozioa ere izan delako", adierazi du Monasteriok.