Nekazaritza sektorearen protestakaz bat egingo dute barikuan Erandion

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 8a, 11:04

© EHNE-BIZKAIA

Ehunaka nekazari eta abeltzain batu dira egunotan Euskal Herrian, baita Europar Batasuneko hainbat puntutan ere, merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea eskatzeko. Martitzenean eta eguaztenean, Araban eta Nafarroan egin zituzten protestak eta, bihar, Bizkaiko baserritarrak batuko zaizkie. Gurean, Erandion batuko dira, Asuan, Makro merkatalgunearen parean, 08:15ean, eta traktoreakaz joango dira Bilbora, bertan mobilizazio bateratua egiteko.

Bizkaiko EHNE eta ENBA nekazaritza-sindikatuek mobilizazioa deitu dute bihar, barikurako, Bilbon, eskatzeko merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea. Bilboko Areatzan traktoreak biltzeko deia egin dute, egunotan Gasteizen eta Iruñean egin duten legez, eta, horretarako, nekazariak Bizkaiko hainbat eskualdetatik abiatuko dira, tartean, Uribe Kostatik. ELA eta LAB sindikatuek ere bat egingo dute biharko mobilizazioagaz, eta azpimarratu dute elikagaien eredua "industriala izatetik agroekologikoa izatera igaro behar dela, sektorean lan-baldintza duinak eta gizartearen ongizatea bermatzeko".

Gurean, Erandioko Asua inguruan jarri dute hitzordua mobilizaziorako, goizeko 08:15ean, Makro merkatalgunearen parean. Bertan, traktoreakaz batu eta Bilbora abiatuko dira.

Azken asteetan, nekazaritzako protestak ugaritu egin dira Europar Batasuneko (EB) hainbat herrialdetan. Ezinegon horren oinarria da baserri gehienetan ez dutela diru sarrera duinik eta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik, neurri handi batean EBk hamarkadetan zehar aplikatutako politika neoliberalen ondorioz. EHNE eta ENBA sindikatuen iritziz, nekazaritza sektoreak erantzun zehatzak eta errealak behar ditu bere arazoentzat, eta eskaerak hiru ardatzetan zehaztu dituzte.

Alde batetik, merkataritza askeko akordioen negoziazioak "berehala" etetea eskatzen dute. Zehazki, Mercosur bezalako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriagaz akordioa ez berrestea exijitzen dute, "ardi okela (bildotsak) eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagatik". Aldi berean, merkataritza askeko negoziazio-prozesu guztiak geldiarazi behar direla ohartarazi dute, etete luzamendu bat ezarriz.

Bestetik, baserritarrentzako prezioek ekoizpen-kostuak bermatu behar dituztela azpimarratu dute. Horretarako, merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura-politika eskatzen dute, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua modu eraginkorrean inplementatzea exijitzen dute, ekoizpen kostuen azpitik saltzeko debekuagaz batera.

Azkenik, Europako Nekazaritza Politika (NPB) sinplifikatzea ezinbestekoa dela ohartarazten dute: "Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen".

Aldarrikapen horiek mahaiaren gainean jartzeko asmoz, traktoreen kontzentrazio baten bidezko mobilizazioa egingo dute bihar, barikuan. Traktoreak Bizkaiko hainbat eskualdetatik irtengo dira eta Bilboko Areatzan elkartu, 10:00etan. Bertan, "merkatu garden" bat egingo dute, eta hutsean ontziratutako bildots laurdenak eskainiko dituzte, "prezio justu batean", Zeelanda Berriko arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko, "eta gure elikaduraren tokiko ekoizpena balioan ezartzeko".

Gurean, Erandioko Asuan batuko dira, 08:15ean, eta Bilbora sartuko dira, San Inazio auzotik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun