Egoitza Vigon (Galizia) duen Soling enpresak Erandioko Murueta eta Santurtziko Zamakona enpresentzat ere egiten du lan, baina otsailaren 5ean, jabez aldatu ostean, langileei ontzioletara sartzea debekatu zietela adierazi du ELA sindikatuak. Azaldu dutenez, Bedrock Consolidated enpresako jabe berriek ez zioten Gizarte Segurantzari ordaindu, eta horregatik ez zieten beharginei sartzen utzi. Egun horretan bertan ordaindutako baimena eman zieten langileei hilaren 26ra arte.
Horrez gain, salatu dute urtarrileko nominaren ordainketa ez dela bete eta langileek ez dutela bermatuta beraien lanpostuetara bueltatuko direnik, "ezta ordaintzeko dauden nominak eta etorkizunekoak ordainduko direnik ere".
Gauzak horrela, langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Vigon eta Bilbon, ez ordaintzearen eta gaur egun enplegurik ez dutela salatzeko, eta konponbide bat eskatu diete bai aurreko eta bai egungo jabeei, baita Galiziako Xuntari eta Eusko Jaurlaritzari ere. Era berean, sindikatuko bozeramaileek adierazi dute salaketa jarri dutela aste honetan lan-ikuskaritzan azaldutako egoeraren inguruan.