Altzaga erdigunean, Obieta kalean dagoen Santi burdindegia erreferentziazko negozioa izan da betidanik erandioztarrentzako. Gurasoek irekitako negozioa seme-alabek jarraitu dute, konfiantza eta eskaintza berdinagaz. Jon Zaragoza, semea, duela 19 urte hasi zen negozioan, eta gaur egun bere arrebagaz batera kudeatzen du, nahiz eta amak laguntza ematen jarraitzen dien eta aita ere askotan ibiltzen den handik.
Ia denetarik saltzen dutela dio Zaragozak, "gure bezeroek daukaguna eta ez daukaguna ere eskatzen digute, baina oro har, denetarik izaten dugu". Erosle gehienak ohiko herritarrak direla dio, gremioetarako ere lan egiten badute ere, "eta bilatzen dutena ez badugu eskuratuko dugu edo esango diegu non lortu dezaketen.
Dioenez, gaur-gaurkoz negozioaren egoera zaila da, "pandemiatik irten eta gero, lehenengo urte hori, nahiko ondo egon zen, baina hortik aurrera jendeak online erosteko ohitura hartu zuen eta hori asko nabaritu dugu". Hala ere, oraindik beraien aholkuak aintzat hartzen dituzten bezeroak dituztela ere azpimarratu du.
"Niretzat oso negozio polita da, niri gustatzen zait, ordutegia batzuetan gogorra izan arren, egunero 20:00etan ateratzen naizenez, zaila baita familiarekin bateratzea. Bere abantailak eta desabantailak ditu, negozio guztiek bezala", adierazi du Zaragozak.
Etorkizunari buruz galdetuta azaldu du zail ikusten duela, besteak beste, jendeak gero eta gehiago erosten duelako Internet bidez: "Lehen, nire gurasoek hemen saltzen zutenarekin bizitzeko errendimendua ateratzen zuten, baina orain ez da horrela, asko lan egin arren dena da zailagoa". Horrez gain, baieztatu duenez, erretiratzen denean, ez du gura bere seme-alabek negozioagaz jarraitzea, "gogorra da familiarekin ez egotea, nik gurasoekin bizi izan dut, eta nahiago dut beste gauza batean lan egiten badute".