Bihar arte egongo da ikusgai Oihana Kareaga artista erandioztarraren erakusketa

Ander Zarraga 2024ko ots. 22a, 11:05

Planoak eta patroiak arakatzen Oihana Kareaga artista gaztearen erakusketa ikusgai dago egunotan Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko erakusketa-aretoan. Bera arte ederretako ikaslea da eta ikasgai ezberdinetan egin dituen eta ildo bera jarraitzen duten lanak ditu ikusgai.

Artista gazteak azaldu duenez, artelanak euskarri eta tamaina ezberdinetan daude eginda hala nola olio-pintura oholtxo, mihisea edo lastozko oihalen gainean, badira tinta estilografikoa eta lixiba duten marrazkiak paper gainean; beste batzuetarako akuarela ere erabili duela gaineratu. 

"Nik honela deskribatuko nuke erakusketa: sortzeko modu desberdinak bilatzeko saiakera moduko bat da, esperimentaziotik, baliabidea kontuan hartu gabe. Gaia berdina izan arren, hori errepikatzea oso gustuko duen pertsona naiz, baina tonuak, kolorea, euskarriak, testura eta materialak aldatzea gustatzen zait. Gaiagaz pertsona obsesiboa naizela esan dezaket, baina ikuspegia aldatzea gustatzen zait", azaldu du Kareagak.

Erakusketa hau Track 1 elkartearen bitartez egin du, auzoko artistak babesteko egiten duten lanaren barruan. Kontatu duenez, bere lehen erakusketa 2023ko FIG Bildoko Nazioarteko Grabatuen Azokan egin zuen, eta elkarteko kide batzuek bertan deskubritu zuten eta auzoan ere erakusketa egin behar zuela adierazi zioten. "Ez dut sinesten, oraindik ez baititut ikasketak amaitu eta bi erakusketa izan baititut; curriculumerako oso ondo dator hau", nabarmendu du artistak.

Pinturez gain, erakusketan horretan egin dituen beste lan batzuen inguruko ikus-entzunezko sorkuntzak ere ditu ikusgai. "Horretan ere psikodelia eta horrelako gaiak jorratzen ditut eta azken urteotan egin ditudan eduki gehiago erakusten ditut", gaineratu du Kareagak.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun