Aurrekontuak hiru arlotan banatu dituzte: Herritarrak 21.941.216 eurogaz, Lurralde Garapena: 12.651.874 eurogaz eta Antolaketa: 6.013.805 euroko partidagaz. Aurrekontuoi esker, aurreko agintalditik eratorritako egitasmoei heldu ahal izango dietela nabarmendu dute udal-arduradunek, hala nola Josu Murueta plaza San Lorentzo jaien ostea berritzea edo bidegorria egiteko prozesua babestea.
Inbertsioak % 80 inguru ere areagotuko dituztela azpimarratu dute, 2023ko 1.065.600 euroko partidatik 1.924.364 eurora pasatuko baitira 2024ean. Zentzu horretan, aipatu dituzten neurrien artean daude desjabetzeak Agarrebideko lurretan, Erandiogoikoan (300.000 euro); obrak kirol-instalazioetan (219.277 euro); desjabetzeak Jado Fundazioaren lurretan berdegunea egiteko eta kirol-gunerako, Altzagako ikastetxeetatik gertu (200.000 euro); bide publikoen zoladura (111.854 euro); inbertsioak kultura ekipamenduetan (102.633 euro) eta ikastetxeetako obrak (102.000 euro).
Azkenik, gobernu-taldeak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (150.000 euro) egiteko prozesuari berriz ekiteko konpromisoa ere hartu du, eta horretarako, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien proposamenak jasotzen ari direla baieztatu dute.
"Eraginkortasun ekonomikoa"
Udal-kontu horien helburua "erandioztarren bizi-kalitatea hobetzea da oraindik ere, egungo beharrizanetarako zerbitzuak mantendu, berritu eta eguneratzen ditugulako, eta, gainera, kontratu berriei babesa ematen diegulako, besteak beste, argiztapenari, garbiketari, lorezaintzari eta animalien babesari", adierazi du Jon Garcia EAJko bozeramaileak.
Bere aldetik, Jorge Gonzalez PSEko bozeramaileak adierazi duenez, "aurrekontu hauek egonkortasuna, saneamendua eta ziurtasuna ematen dute eraginkortasun ekonomikoko proiektu batekin jarraitzeko, pertsonen eta enpleguaren aldeko apustua egiten duen konpromiso sozial sendo batetik salbuetsita".
Bukatzeko, Eneko Gutierrezek, Ogasuneko ordezkariak, aurrekontuok osatzeko herritarren parte-hartzea aipatu du, "herritarrek parte hartzeko kanalak erabiliz: galdetegiak, formularioak, datu-bilketa, karpak, hautetsontziak eta postontziak", osatu baitituzte kontuetako hainbat puntu.