Elkarteko kideek sare sozialetan argitaratu duten salaketan, auzoko hainbat bizilagunen partetik jaso dituzten hainbat kexa islatu dituzte Erandiogoikoko osasun-zentroaren egoeraren eta funtzionamenduaren inguruan.
"Zerbitzu honen zonaldeko populazioa nahiko nagusia dela, eta askotan, gaixotasun kronikoak, min fisikoa eta mentala dutela kontuan izanda, arreta jasotzeko itxaron behar diren epeak luzeegiak dira, gainera, espezialistengana desbideratzerakoan gehiago luzatzen dira", ohartarazi dute Osakidetzan jarritako kexan. Horrez gain, idatzian eskatu dute pertsonal guztiaren ordezkapena bermatzea eta jakinaraztea horren inguruko aldaketarik balego.
Osakidetzak Auzokoa Herrikoi Elkarteari bidalitako erantzunean argudiatu die langile faltaren arrazoia estaldura medikorik eza dela, eta askotan, erizainek hartu behar izaten dituztela medikuek hartu beharko lituzketen erabakiak. "Zoritxarrez, egoera hori gero eta ohikoagoa izango da, mediku falta gero eta handiagoa delako. Beren osasun-zentroan ikustea dela egokiena ulertuta, zentroan medikurik ez duten momentuetan arreta hobetzea balioetsiko da", gaineratu diete Osakidetzako arduradunek.
Horren aurrean, elkarteko kideek adierazi dute ez daudela prest medikuen edo administratzaileen falta onartzeko eta behar adina aldiz protesta egiteko prest azaldu dira, "osasuna eskubidea delako".