Auzoko bizilagunen arabera, uraren maila ia metro erdiko altuera izan du gune batzuetan, eta horren eraginez, Obieta, Jado, Ibarra, San Ignacio eta Geltoki kaleetako hainbat negozio eta garajek kalteak izan dituzte, eta auzoko argindarra ere moztuta egon da goizeko hainbat orduz.
Udalak adierazi du martxan jarri duela larrialdi-mahaia eta obretako brigadak eta enplegu planeko beharginak zakuak banatzen aritu direla goizean negozioen atarian horma itxiak egiteko. Era berean, babes zibileko operatibo bat ere jarri dute martxan eta, oro har, kaltetuak izan diren negozioei eta partikularrei laguntza ematen aritu direla.
Halaber, udal-iturriek argitu dute gertatutakoa "zirkunstantzia naturalen ondorio" izan da, ez da izan Erandio eta Barakaldo arteko pasabidea egiteko burutzen ari diren lanen eraginez izan; "litekeena da hainbat faktoreren ondorio izatea, hala nola marea biziak eta itsasadarrera ematen duten errekak beteta etortzea aurreko egunetako euriengatik". Hala ere, azpimarratu du dagokion erakunde arduradunak ez duela alerta edo abisurik eman, "beraz, marea biziak egongo zirela bagenekien ere, inork ez zuen horrelakorik aurreikusi".