Azken urteotan, nahiko arrunta bilakatu den liztor-espezie inbaditzaile horren presentzia, baina hemengo biodibertsitatearentzako mehatxu bat da, eta, gainera, arriskutsua izan daiteke pertsonentzat, bereziki umeentzat edo ziztaden aurkako erreakzioak dituztenentzako.
Gauzak horrela, Erandioko Udaleko Osasun Publikoko Saileko Merry Delgado zinegotziak zera adierazi du: "Habiak zuhaitzetan agertu ohi dira, nahiz eta batzuetan etxebizitzetatik, fatxadetatik eta parkeetatik gertu ere aurkitu izan diren. Hori kontuan hartuta eta azken urteotan izan duen gorakadarakaz, Erandioko Udaleko Osasun Publikoko Sailetik kanpaina bat hastea erabaki dugu, ugaltzea geldiarazteko".
Kanpaina datozen asteetan hasiko dute, eta maiatzaren amaierara arte iraungo du. Habiak detektatzen ari diren guneetatik gertu tranpak jarriko dituzte, eta 15 egunean behin berrikusiko dituzte, haien funtzionamendua eta beste intsektu batzuk bertan ez erortzeko baldintza egokietan daudela baloratzeko.
Halaber, azaldu dutenez, liztor erreginek lurrean edo zuhaitzetan lurperatuta igaro ohi dute negua, eta otsailean eta martxoan ateratzen dira hibernaziotik. Udaberria iristean, lehen mailako habia eraikitzen hasten dira, eta lehen arrautza-errunaldia egiten dute; beraz, une egokia da arrautzak harrapatzeko, habia dagoen tokian, erreginak baitadude hibernatzen.
Pertsonentzako kaltegarriak ez diren tranpak behar bezala seinaleztatuta egongo direla iragarri dute, herritarrei gailu horren berri emateko kartel bategaz, Udalaren logotipoagaz eta ez ukitzeko ohartarazpen bategaz.