Erandion enpresen energia-komunitate bat sortzeko lehen urratsak ematen ari dira

Ander Zarraga 2024ko mar. 26a, 09:51

Udaleko ordezkariak Erandioko hainbat enpresa eta eragileetako ordezkariakaz batera. © ERANDIOKO UDALA

Udala hainbat eragilegaz elkartu da energia-produkziorako kooperatiba bat sortzeko asmoagaz. Une honetan, egitasmoa udalerriko enpresen artean zabaltzen ari dira, enpresa gehiago atxiki daitezen.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera, energia-komunitate kooperatiba izaera duen pertsona juridiko bat da. Sozietate horrek, modu kooperatiboan, energia lortzeko helburu batzuk ezartzen ditu bere beharrizanak asetzeko, erkidego batentzat edo hirugarren onuradun batzuentzat.

Ekimena sustatzen dabiltzan arduradunek azaldu dutenez, egitasmoaren helburu nagusia da energia onurak eskaintzea, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onurak eraginez. Gaineratu dutenez, energia-komunitate bat eratzeak hainbat abantaila ditu, hala nola energia fosilak bertan behera uztea eta tokiko karbono-aztarna murriztea, kontsumoan eraginkortasun handiagoa izatea, energia-pobreziari irtenbide bat ematea eta etekinak birbanatzea, gehienak tokiko komunitatean itzultzen direnak.

Zentzu horretan, Erandioko Udalak talde hori sortzeko lehen urratsak eman ditu eta proiektuaren lehen faseak ari dira gauzatzen. Lidergo partekatu batetik abiatuta, Udalak, herriko enpresa-kontseiluak eta Trantsizio Berdeko Enpresa Sareak diagnosiak, proposamenak eta ekintzak partekatu dituzte. Lehenik, tokiko industria-sektoreari informazioa emateko fasean ari dira lanean, ekimenagaz bat egitearen abantailez hitz eginez, proposamena, lan-plana eta laguntza-neurri espezifikoak zein diren azalduz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun