Saharako umeentzako bigarren familiak ari dira bilatzen Erandion

Ander Zarraga 2024ko mar. 27a, 13:59

Erandioko Nihsma Sahararen aldeko elkarteak 21 urte daramatza saharar herrialdea babesten, eta aurten, kanpalekuetara bidaltzeko 600 kilo elikagai eta higiene-produktu biltzea lortu dute erandioztarren ekarpenei esker. Orain, ume errefuxiatuen udako harrera-programa abiatu dute, eta udan horiek hartuko dituzten familiak ari dira bilatzen.

Erandioko Nishma elkarteak Oporrak Bakean ekimena antolatzen du Erandion, bai horren berri emateko zabalkunde-kanpainaren bitartez, baita udan umeak jasotzeko harrera-familiak bilatzen eta kudeatzen ere. Programa horren bidez umeek euskal familietan pasatzen dute uda, basamortuko eta errefuxiatuen kanpalekuetako baldintza gogorretatik urrun. Laburbiltzen dutenez, ekimen horren helburua hau da: "Tindufeko errefuxiatu-esparruetan bizi diren 8 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak aldi baterako hartzea EAEko familietan edo aterpetxeetan". 

Elkartea arduratzen da Oporrak Bakean programa antolatzeaz, adingabeen ongizatea bermatzeaz, harrera-familiak hautatzeaz, familiei beharrezko informazioa emateaz, jarraipena egiteaz eta lurralde bakoitzeko arduradunakaz etengabeko harremana izateaz.

Aurten ere, udako harrera-familiak izan gura duten kideen bila ari dira, eta horretarako, Orain bi familia ditut leloa daraman kanpaina abiatu dute Erandioko Udalagaz batera. Horretan parte hartzeko edo informazioa jasotzeko interesa duten familientzako ahalbidetu dituzte asociacion.nishma@hotmail.es helbide elektronikora eta 666 690 641 telefono-zenbakia.

600 kilo elkartasun

Erandioko Sahararen aldeko Nishma elkarteak 2003tik darama saharar herrialdearen aldeko hainbat ekintza egiten, basamortuan erbesteratuta bizi diren sahararrei laguntza emateko. Urtero legez, material medikoa, elikagaiak eta higiene-produktuak biltzeko kanpaina egin dute aurten, eta guztira 600 kilo inguru batzea lortu dute.

Ekimen horretan bere ekarpena egin dute Jado ikastetxeak, Erandio BHIk, Ategorri BHIk, Goikolanda Ikastolak eta Auzokoa Herrikoi Elkarteak. Laguntza hori bigarren eskuko kamioietan bidaltzen dute Sahararen Aldeko Euskal Karabanaren bitartez, Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren kanpalekuetara. Aurtengo karabana martxoaren 9an abiatu zen Donostiatik.

Horrez gain, apirilaren 23an, liburu azoka ere egingo dute eta herriko liburutegiek emandako liburuak euro batean salduz dohaintzak jasoko dituzte herritarrengandik. Gainera, aurten, saharar produktuak ere saldu gura dituztela aurreratu dute, hala nola eskumuturrekoak eta eraztunak. Ekimen horren bitartez jasotzen duten saharar errefuxiatuen kanpalekuetako eskola eta ospitaleetarako materiala erosteko bideratzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun