Martxan da literatura eta ikus-entzunezkoak bateratzen dituen Book Bideo lehiaketa

Ander Zarraga 2024ko api. 5a, 13:06

Euskarazko liburu bat ikus-entzunezkoetara eramatea da Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak beste urte batez antolatu duen Book Bideo lehiaketaren zeregina. Parte hartzeko epea apirilaren 17an itxiko dute 800 euro banatuko dituzte sarietan.

Banaka zein taldeka parte hartu dezakete 12 eta 18 urte arteko erandioztarrek, eta parte hartzeko, irakurritako euskarazko liburu bat irudietara eraman beharko dute, norberak grabatutako edo biltegietatik hartutako baliabideen bitartez. Edukiak euskara hutsean izan beharko dira eta euskarazko liburuetan egon beharko dira oinarrituta; gainera, bideoek gutxienez 1,5 minutuko iraupena izan beharko dute.

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Bideo Liburu lehiaketako webgunean izena ematea, lotura honetan jarri duten inprimakia betez. Bertan, bideoaren Youtubeko lotura edo Driveko esteka jarri beharko dute; lehenaren kasuan bideoa pribatuan egon beharko da, eta bestearen kasuan, "esteka duen edonork" ikusteko moduan partekatu beharko da.

Adinaren arabera egingo dituzten bi kategoriako lehen hiru saridunentzako 150, 100 eta 80 euroko dirusariak izango dituzte, erosketa-bonuetan jasoko dituztenak. Sarietan banatutako erosketa bonoak Erandioko 3 liburudendatan erabili
ahalko dira saria jaso eta ondorengo 30 egunetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun