Goiherriko eskola zaharrean dauka egoitza sokatira taldeak, eta Ategorri BHIko ikasle eta irakasleakaz batera izan gara bertan, beraien proiektua nola garatzen duten bertatik bertara ezagutzeko. Andoni Canales irakaslea da proiektuaren arduraduna, eta kontatu duenez, Ekin Jakintzari! izeneko egitasmoaren barruan bederatzi proposamen landu beharko dituzte taldeetan banatutako gazteek. Horien artean dago Erandio Etnografikoa izenekoa lantzen ari dena, eta udalerriko landa eremua ezagutzera ematea da beraien helburua.
Canalesen ustez bi Erandio daude: behekoa industriala dena eta landa-eramu esuakalduna. Ategorriko ikasle gehienak itsasadar inguruko auzoetakoak direnez, Altzaga eta Astrabudukoak, batez ere, "askok ez dituzte ezagutzen Goiherri bezalako auzoak, bertako euskara edo ohiturak, ezta mundu mailan ezaguna den sokatira taldea ere".
Ikasleek Goiherri Sokatira Taldeko Jone Zarraga taldekidearen eta Jose Luis Orozko Txelis presidentearen aurkezpena izan zuten, eta beste tiralari batzuekaz batera sokatira probatzeko aukera ere izan zuten. Horrez gain, gazteek Iñaki Gaminde unibertsitateko irakasle ohiagaz ere izan ziren Erandioko euskarari buruz gehiago jakiteko eta nekazaritza ere bertatik bertara ezagutu zuten Martiartu inguruko nekazari baten eskutik.
Elkarrizketak, grabazioak eta sare sozialak baliatzen dituen metodologia baten bitartez, "ikasleek ikusitakoaren sintesi bat egin eta gainontzeko ikasleei helarazi beharko diete, honek ahalik eta zabalkunde gehien izan dezan", azaldu du irakasleak. Proiektu guztien aurkezpena maiatzaren 18an izango da Tartangako areto nagusian, "guztiek guztien berri izateko".