Erandioko Umeen Kontseilua testigantzak ari da biltzen udalerriko historia osatzeko

Ander Zarraga 2024ko api. 11a, 10:03

Erandioko Coliseo antzokia, udalerriko lehen zinema izan zen eta Irailaren 23a plazan zegoen kokatuta. © HISTORIAS DE ERANDIO

Kossler Iberica lantegia, 1983ko uholdeak, plazan zegoen Coliseo antzokia, udaletxe zaharra, zezen-plaza, Axpeko harrobiak edo esne-saltzaileak bezalako Erandioko iraganeko informazioa eta testigantzak ari dira bilatzen, udalerriko historiaren pasarteak berreskuratzeko.

Zeregin horretan ari dira udalerriko lau ikastetxeko ikasleak diren Neizan, Sara, Ever, Aner, Xabier, Ibon, Nahia del Rey, Naroa, Eider, Eneritz, Nahia Aragon, Uxue, Enara, Iara eta Nahia Gonzalez. Momentuz, informazioa jasotzeko fasean ari dira herritarrakaz eta elkarteakaz elkarlanean, eta hurrengo hilabeteetan, jasotzen dutenaren arabera, erabakiko dute ekainean egingo duten erakusketak nolako formatua izango duen.

"Erandioko Udalak sei urte daramatza lau ikastetxeetako umeakaz elkarlanean gai horren inguruan, pentsatu zelako umeen ikuspuntua ere garrantzitsua dela", azaldu du kontseiluko ekintzak kudeatzen dituen Ana Orozkok. Gaineratu duenez, Udaleko teknikariakaz eta politikariakaz egindako topaketen ostean, "umeak konturatu dira Erandiok historia aberatsa duen herria dela, eta horiek biltzeko herritarrei elkarrizketak egin nahi dizkiete erakusketa bat egiteko".

Beren testigantzak eta informazioa partekatu gura dituzten erandioztarrek 619 223 761 telefono-zenbakira deitu edo umeenkontseilua@erandio.eus helbide elektronikora idatz dezakete. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun