Erandioko Faoeta auzoko baselizaren aurreko landetan, adin guztietako ehunaka euskaltzale batu ziren atzo elkarregaz euskaraz bizi eta gozatzeko asmoz. Orain dela 30 urte elkartu ziren bertan aurrenekoz, Berbotsek bultzatuta, Kanpomartxo jaialdiaren baitan, eta, aurten, urtemuga borobila hori ospatzeko asmoz, bertan izan dira berriro ere. "Egun borobila izan zen; urduritasuna egon arren, poztasunez eta emozioz betetako eguna izan zen atzokoa", azpimarratu du Mikel Zarate Berbotseko kideak.
Ildo horretan, Zaratek espero du horrela jarraitzea etorkizunean ere, "euskara bultzatzen, jendea inplikatzen, saretzen eta euskararekin eta euskaraz gozatzen".
View this post on Instagram
Goizean goizetik, Kanpomartxo jaialdiak “betiko” formatua izan zuen: musika-eskolako trikitilari eta pandero-joleak, Goi Alde, Trabudu eta Uztargi taldeen dantzak eta Onintza Enbeita eta Peru Vidal bertsolariak egongo dira. Bazkalostean, kantaguneek alaitu zuten bazkalondoa, eta bukatzeko, Luhartz taldearen erromeria egon zen. Hona hemen egunak utzitako hainbat irudi.
Horrez gainera, Euskal Herriko Mintza Eguna ere ospatu zuten Erandion, Altzaga auzoan. Hala ere, bazkaltzeko orduan Faoetara ere hurbildu ziren mintzalagunak, Kanpomartxoko herri-bazkariaz eta jai giroaz gozatzera. Hitzordu biek bat egitearen harira, Zaratek dio "oso polita" izan zela.