Gazte erandioztarren enplegagarritasuna sustatzeko Gaztedi Beken deialdi berria aurkeztu dute

Ander Zarraga 2024ko mai. 10a, 10:25

Lanekoak ez diren praktikek lau hilabeteko iraupena izango dute Bizkaiko enpresa batean.

Beka hauei esker, 18 eta 29 arteko gazteek lau hilabeteko iraupena izango duten lanekoak ez diren praktikak egiteko aukera izango dute. Horien eguneko lanaldia sei orduko izango da, enpresak Gizarte Segurantzan alta emanda eta hilean 1.000 euroko soldatagaz.

Hautagaiek 30 urtetik beherakoak izan beharko dira, Lanbiden izena eman beharko dute enplegu-eskatzaile gisa, eta profesionaltasun-ziurtagiria, erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketako titulua edo unibertsitate-titulua izan beharko dute. Horrez gain, programan parte hartu gura dutenek Erandion egon beharko dute erroldatuta edo udalerriagaz harreman akademikoa izan beharko dute.

Izena emateko prozesua lotura honen bitartez egin beharko da maiatzaren 17tik 31ra, eta enpresek egiten duten eskaeren arabera esleituko dituzte bekak. Egitasmoari buruzko zalantza edo iradokizunik izanez gero, antolatzaileakaz harremanetan jartzeko udalgaztediplana@erandio.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun