Ekainaren 15ean, gaitasun desberdinak dituzten pertsonak izango dira protagonistak Erandion. Ekimen horren helburua izango da pertsona horiek ahalduntzea eta aukera-berdintasuna aldarrikaztea, eta horretarako, beraiekaz lan egiten duten elkarteek euren lana erakusteko azoka berezia egingo dute 12:00etan, Irailaren 23a plazan.
Bertan izango dira, besteak beste, Adembi, Apnabi, Aspace, Avifes, Bidailan, Fekoor, Euskadiko Down Sindromea Fundazioa, Gaude, Gorabide, Lantegi Batuak, Once eta Usoa. Horiez gainera, Astrabuduko futbol talde inklusiboa ere izango da, 2019an Euskadiko Down Sindromearen Fundaziogaz lortutako akordioari esker sortutako taldea, hain zuzen.
Azoka egin aurretik baina, herritarrei irekitako martxa inklusiboa ere egingo dute 10:30etik aurrera. Ibilaldia Astrabuduko Josu Murueta plazatik atera eta Irailaren 23a plazan bukatuko da. Ostean, 12:30etan, azoka egingo dute eta bazkaldu aurretik, 13:00etan elkarteetako kideek egiten dituzten jardueren erakustaldia hasiko da: musikalak, dantzaldiak...
15:00etan, Radio Club Takolos taldeari esker udaletxeko plazan egingo duten herri-bazkari handi bategaz berreskuratuko dituzte indarrak. Horretan eta martxa inklusiboan parte hartzeko izena eman gura dutenek lotura honen bitartez egin behrako dute; batean zein bestean euro 1 eta 4 euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.
Azkenik, Astrabuduko Manoleta Sax, Gaude elkarteko Musidisk taldeak eta Down Sindromea Fundazioko zunba dantzariek borobilduko dute festa.