Erandioko jaietako giroa berotzen hasteko, zapatuan lehendabiziko kuadrilla eguna ospatuko dute

Ander Zarraga 2024ko mai. 15a, 12:50

Erandioko kuadrillen eguneko ekintzak udaletxeko plazan egingo dituzte zapatu honetan.

Zapatuan, maiatzak 18, herriko kuadrillak elkartzeko eguna antolatuko dute lehen aldiz Altzagan. Horretarako, jai-batzordeko kideek egun osoko egitaraua prestatuko dute lagunartean ederto pasatu eta San Agustin jaiei begira motorrak berotzen hasteko.

Jai-batzordeko kideek aitortu dutenez, aspalditik zeukaten gogoa kuadrillen eguna antolatzeko, eta, azkenean, aurten animatu egin dira. "Esperimentua izango da, gure lehen aldia delako; asmoa da ekintzak Irailaren 23a plazan egitea, herriko erdigunea delako", azaldu dute. 

Iragarri dutenez, jaiaren helburua da herriko gazteak jai-batzordera sartzera animatzea, "belaunaldi erreleboa egoteko" eta abuztuan ospatuko dituzten San Agustin jaietarako kuadrillak prestatzen hastea. Zentzu horretan, beraien sare sozialetan iragarri dute abuztuaren akabuan Dupla, Nonbait erromeria eta Eire taldeak arituko direla Altzagako jai handietan, eta jaietako zapia aukeratzeko lehiaketa ere martxan dute.

Momentuz, zapatu honetarako egitarau oparoa prestatu dute adin guztietako kuadrillentzako, eta iragarri dutenez, daborduko 160 lagunek eman dute izena herri-bazkarian parte hartzeko. 

Egitaraua:

  • 12:00 Trikipoteoa, Haizea eta Gontzal herriko musikariek girotuta.
  • 13:00 Umeentzako tailerrak.
  • 14:00 Urdaiazpikoaren zozketa.
  • 14:30 Herri-bazkaria.
  • 16:00 Karaokea.
  • 17:00 Familia eta kuadrillentzako frogak (parte hartzen dutenek 10 puntu lortuko dituzte jaietako kuadrillen lehiaketarako).
  • 18:00 Elektrotxaranga: Ustekabe
  • 20:00 Musika plaza: Kuadrillek aukeratutako playlista.
  • 23:00 DJ. Bilbosonido
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun