Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko langileek greba egingo dute maiatzaren 22an eta 23an

Ander Zarraga 2024ko mai. 21a, 12:01

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute patronala sektoreko hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatzen ari dela, eta horrenbestez, lanuzteak egingo dituzte bihar eta etzi, hilak 22 eta 23.

Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko beharginen lan-gatazka azaltzeko eta grebaren jarraipenaren nondik norakoak azaltzeko, sindikatuek elkarretaratzea egingo dute bihar Erandion, Altzagako metro-geltokiaren atarian 11:30ean. Horrez gain, 23an, manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean, Bizkaiko plazatik abiatuta.

Adierazi dutenez, bi greba-egun hauek deitu dituzte, maiatzaren 20an, Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko hitzarmenaren negoziazio-mahaian elkartu ondoren, patronalak hitzarmena berritzeko prozesua blokeatzen jarraitzen duelako.

Gogoratu dute apirilaren 29an eta 30ean ere greba-deialdiak izan zituztela, apirilaren 8ko negoziazio mahaian adostasunik lortu ez zutelako. "Orain, patronalak negoziazioak desblokeatzeko aukera izan du, baina bere eskaintza ia ez du aldatu", azaldu dute sindikatuetako bozeramaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun