Jado ikastetxeko ikasleen jostailu sentsorialek irabazi dute 2023ko STEAM Euskadi Saria

Ander Zarraga 2024ko mai. 24a, 09:29

Hauek dira STEAM Euskadi Saria 2023 irabazi duten Jado ikastexeko DBH 3. mailako ikasleak. © JADO

Erandioko ikastetxeko ikasleek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasquek sustatzen duten lehiaketako saria irabazi dute, hainbat arlo jorratuz sortu dituzten jostailuei esker. DBH 3. mailako ikasleen proiektuak jaso du baloraziorik onena, lehiaketara aurkeztu diren Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 127 zentroen artean.  

Jado Ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek joan den ikasturtean burutu zuten proiektua, STEAM Feel ,Think, Do! ingelesezko izenburupean, hau da: “Sentitu, Pentsatu, Egin”. Gazteek bi eta hiru urteko umeentzako jostailu sentsorialak diseinatu zituzten, material birziklatuak eta berriro ere birziklagarriak erabiliz. "Ikasleen gaitasunak hobetzen edo gai hauetan bokazio eta nahi profesionalak pizten dituzten STEAM hezkuntza-ekimenak". nabarmendu dute zentroko arduradunek.

Jado Ikastetxeko arduradunek azpimarratu dute aitorpen horregaz berrikuntzaren alde egindako apustua berresten dutela, eta, halaber, horrek bultzada ematen diola orain arte egindako lanari. Izan ere, Hezkuntza Sailak honako helburu hauekaz sustatzen duitu sari horiek: batetik, “Euskadin garatzen ari diren eta estrategian ezarritako helburuak betetzen laguntzen ari diren STEAM hezkuntza-ekimenak identifikatu” nahi ditu, eta, bestetik, “STEAM izaera nabarmena duten proiektu berritzaileak, eta, bereziki neska, gazte eta emakumeei zuzendutakoak” bereizi gura dituzte sari hauek. 

Jado ikastetxeak maiatzaren 30ean jasoko du saria. Lehiaketa honetako epaimahaia Innobasqueko, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, Confebaskeko, Donostia International Physics Centerreko, Lauaxeta Ikastolako, TKnikako, berritzeguneetako eta lanbide-heziketako zentroetako ordezkariek osatu dute. 

STEAM Feel, Thin, Do! proiektua

Saria irabazi duen proiektua garatzeko, Jado Ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleen lehen zeregina bi eta hiru urteko umeen garunak nola funtzionatzen duen jakitea izan zen, funtsezko gaia baita adin horretarako jostailu sentsorial egokia diseinatzeko. Horretarako, ikastetxean hitzaldi bat eskaini zuen espezialista baten laguntzagaz, txikienek estimulu desberdinen aurrean nola erantzuten duten ikasi zuten ikasleek, eta mugimenduetan nola eragiten dien mugaketak eta psikomotrizitate finik ez izateak. Ikaskuntza teoriko hori berresteko, ikasleek aukera izan zuten Haur Hezkuntzako gelak bisitatzeko eta haurrek egoera desberdinetan nola erantzuten zuten ikusteko.

Horregaz batera, ikasleek hainbat arlo landu zituzten, beraien helbururako behar zituzten ikasgaiak eskuratzeko: Biologia eta Geologia, Teknologia, Plastika eta Ikusizko Hezkuntza, Gizarte Zientziak, Osasun Fisikoa eta Emozionala, Euskara, Ingelesa eta Frantsesa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun