Ingurumenaren aurkako delitu batengatik kondenatu dute Erandioko Indumetal enpresa

Ander Zarraga 2024ko eka. 5a, 09:39

Indumetal Recycling enpresa Asuko industriagunean dago kokatuta, Asua ibaiaren pare-parean.

Bizkaiko Auzitegiko Lehen Sekzioak ingurumenaren aurkako delitu batengatik zigortu du Erandioko Indumetal Recycling S.A. enpresa. Adostasun-epai baten ostean, auzitegiak bi urteko kartzela-zigorra eta 19.500 euroko isuna ezarri die 2008-2018 artean Indumetal Recycling SAko presidenteorde izandakoari eta enpresako zuzendari nagusiari.

Auzitegiak, zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eta 7.500 euroko isuna ere ezarri dizkio 2013 eta 2017 artean lantegiko burua izandakoari, eta Kalitate, Ingurumen eta Laneko Arriskuen Prebentzioko arduradunari ere. Halaber, Indumetal Recycling S.A. pertsona juridikoak 60.000 euroko isuna ordaindu beharko ditu.

Epaitegiak frogatutzat jo du enpresak tresna elektrikoakaz lotutako mota guztietako hondakinak behar bezala kudeatzeko nabe bat bazuen ere, izpi katodikodun hodiak eta kristal likidozko pantailak zituzten ekipok 0 lerroan sartzen zituela, non errota batek aurretik deskontaminatu gabeko ekipoak apurtu eta birrintzen zituen. Horrela, "hauts fluoreszentea eta merkurioa" kontrolik eta xurgapenik gabe askatzea eragiten zuten.

"Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketa desegokiak barruan zeuden elementu kimikoak airera, lurrera eta uretara askatzea eragiten zuen, eta horrek aipatutako elementuen kalitatean funtsezko eragina izateko arriskua sortzen zuen", gaineratzen du epaiak.

Auzitegiaren ustez, lehendakariorde izandakoak eta zuzendari nagusiak, eta, ondorioz, enpresak, prozedura "desegokiak" diseinatu eta ezarri zituzten Erandioko lantegian horrelako hondakinen zati handi bat tratatzeko, eta gainerako langileek jarraitu beharreko protokolotzat hartu ziren.

Bi urteko kartzela-zigorra

Atzo jakinarazi zuten ebazpenean, Bizkaiko Auzitegiak erabaki du askatasunaz gabetzeko zigorrak bi urtez etetea, baldin eta epe horretan deliturik ez badute egiten. Auzitegiak frogatutzat jo du tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak birziklatzen dituen enpresak eta gainerako akusatuek, "bakoitzak bere erantzukizun-eremuan", tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko legezko eskakizunak "sistematikoki" urratu zituztela, gutxienez, 2013tik eta gertakari horiengatik 2016an ikertzen hasi ziren arte.

Epaia irmoa da, eta ezin da errekurtsorik jarri haren aurka. Horretan adierazi dutenez, enpresak "lehengaiak eta hondakinak leku eta modu desegokian biltegiratzen zituen, aire zabalean eta pitzatutako zola baten gainean. Zola horrek iragazketak sortzen zituen, eta leku horretan ere iraultzen eta puskatzen zituzten ekipoak, eta lurzoruan botatzen zituzten, olagarroa eta zezena ibilgailuak erabiliz.

Halaber, zigorra arintzeko bidegabeko atzerapenak daudela onartu du epaitegiak; izan ere, auzi horren tramitazioan zehar "jarduerarik gabeko aldi nabarmen bat" gertatu da 2020 eta 2021eko uztailean prozedura laburtu bihurtzeko autoa eman zen une bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun