Mozketa Bilboko Elorrieta auzoko Erribera 21etik Lutxana auzoko Ramon de la Sota eta Llano Erribera 8raino izango da. Obren barruan, lehendik dagoen galtzada handitzea sartzen da, itsasadarreko ur gaineko hegalak eraikiz. Aldundiko iturriek azaldu dutenez, hori beharrezkoa da errepide zaharrean zehar oinezko eta bizikletentzako lekua nahikoa sartzeko, eta, horrela, mugikortasuna eta hiri-paisaia hobetzeko.
Mozketa partzial horrek errepidearen edukiera murriztuko du, eta Deustu, Lutxana, Erandio eta Txorierriko korridorearen (BI-30) arteko konexioei eragingo diela gaineratu dute Aldundiko iturriek. Horrenbestez, bide alternatibo gisa Enekuriko (BI-604) eta Astrabuduako (BI-647) errepideak erabiltzeko gomendioa egin dute.
Itsasadarreko bulebarra
Itsasadarreko bulebarrak Getxon eta Bilbon lehendik dauden oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu 6,5 kilometroko ibilbide bategaz, egungo BI-711 errepidearen trazaduratik. Obrak bi fasetan banatu dituzte.
Lehenengo faseak Lamiako auzoa eta Altzaga lotuko ditu, eta Leioako tartean, Lamiakon, hasi zen partzialki zerbitzua ematen aurtengo martxoaren amaieran. Bigarren fasea Altzagatik Lutxanara artekoa izango da, Bilboraino, eta 2025ean bukatuta egotea aurreikusi dute, 20 hilabete baino gehiagoko lanen eta 18,3 milioi euroko inbertsioaren ondoren. Halaber, itsasadarreko bulebarra ezkerreko ertzagaz konektatuko dute Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindularientzako eta oinezkoentzako pasabide baten bidez.
Bulebarrak oinezkoentzako 2,6 eta 3 metro bitarteko pasealekua izango du ibilbide osoan, itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko dena, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat izango da. Motordun ibilgailuen zirkulazio geldorako galtzadaren zabalera, berriz, 6,8 metrokoa izango dela aurreratu dute. Era berean, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera ahalbidetzeko.