Goikolanda ikastolako gimnasio berria forma hartzen hasi da

Ander Zarraga 2024ko eka. 13a, 13:59

Erandiogoikoako ikastetxeko kiroldegi berriaren irudikapena. © ERANDIOKO UDALA

Erandiogoikoako eskola-komunitatea hainbeste itxaroten ari zen azpiegituraren lehen urratsa eman dute. Horregaz, ikastetxearen eta auzoaren eskaera garrantzitsuenetako bati erantzuna eman gura dio Erandioko Udalak, IGEgaz eta Eusko Jaurlaritzagaz lortutako akordioaren bitartez.

Lanak Gasteizko exekutiboak gidatuko ditu 1,5 milioi euroko –BEZ gabe– inbertsioagaz. Bere aldetik, Udalaren konpromisoa izan da eraikin berria hartuko duen lursaila proiekturako lagatzea, hala ere, udal-iturriek ez dute lanen iraupena zehaztu oraindik.

Eraikin berriak 480 metro koadro hartuko ditu, inguruagaz bat egingo duen oinplano angeluzuzenakaz eginda. Aldiz, barrualdeak 336 metro koadroko azalera erabilgarria izango ditu, eta bere barruan kirol-kantxa bat, kirol-materialerako biltegi bi, aldagela bi (bi egokituak eta bat irakasleentzat), bulegoa eta komunak izango ditu.

Instalazio berriak ikasleek curriculumeko edo eskolaz kanpoko jarduerak garatzeko ez ezik, auzoko bizilagunek beste ekintza batzuetarako ere egongo da erabilgarri. Hala, kasu batzuetan, euria eginez gero, gune estalia erabilgarri egongo litzateke azokak, herri-bazkariak edo bestelako ekitaldi soziokulturalak egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun