Gizon bat atxilotu dute Erandion, autoagaz motor-gidari bati eraso egin eta hilketa egiten saiatzeagatik

Erredakzioa 2024ko eka. 26a, 18:26

Ertzaintzako, artxiboko irudian. © ERTZAINTZA

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Erandion, hilketa-saiakeraren ustezko delitu bat egotzita. Atxilotuak onartu duenez, nahita jo du errei beretik zihoan motorzalea.

Ohar bidez azaldu dutenez, zaintza-lanetan ari zen Ertzaintzaren Trafiko Unitateko patruila batek ikusi zuen auto bat errepidetik zihoala, bere aurreko motorretik oso gertu. Halako batean, bi ibilgailuek bihurgune bat hartu eta desagertu egin ziren polizia-patruilaren ikuseremutik. Jarraian, agenteek zarata handia entzun zuten, eta ibilgailuek hartutako norabidera joan zirenean, talka egin zutela ikusi zuten.

Agenteek motorzalea lurrean etzanda aurkitu zuten motorretik gertu, eta metro batzuetara autoaren gidaria zegoen ibilgailuaren kanpoaldean.

Autoko gidariak motozikleta nahita jo ziola aitortu zien agenteei, eta ertzainek atxilotu egin zuten, hilketa-saiakera egotzita. Motorzalea, berriz, osasun-zentro batera eraman zuten anbulantzian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun