Panamako Fiskaltzak Eneritz Argintxona erandioztarraren heriotza baieztatu du

Ander Zarraga 2024ko abu. 1a, 10:38

Boca del Toroko Eskualdeko Fiskaltzako langileak, Panamako Isla Carenero herrian desagertutako 30 urteko gaztearen gorpua ezagutzeko lanak egiten. © PANAMAKO NAZIOKO PROKURADORETZA

Uztailaren 26an, Panamako Bocas del Toro probintzian aurkitutako gorpua identifikatzeko DNA probak egin ostean, fiskaltzak konfirmatu du gorpua erandioztar gaztearena dela. Zehaztu dutenez, buruan hartutako kolpe baten ondorioz hil zen, eta homizidio gisa ari dira ikertzen. Gaztearen familiak joan den barikuan salatu zuen bere desagerpena Ertzaintzaren egoitzan.

Eneritz Argintxona Fraile gazte erandioztarraren familiak uztailaren 23an salatu zuen bere desagerpena, eta Bocas de Toroko Fiskaltzako Homizidio eta Femizidio Departamentuak baieztatu duenez, uztailaren 26an aurkitutako gorpua 30 urteko emakumeari dagokio. Amaren laguntzari esker, polizia zientifikoak DNA alderatu ahal izan du, aurkitutako gorpuzkiak Argintxonarenak zirela baieztatuz. Zehaztu dutenez, gazte erandioztarra buruko traumatismo baten ondorioz hil zen, beraz kasua hilketa bezala ari dira ikertzen.

Egileak aurkitzeko izapideak zabalik daude, eta arduradunek azaldu dutenez, daborduko "balizko egileen zantzuak" aurkitu dituzte. Komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, ikerketa biktimaren gorpua aurkitu zutenean hasi zen, Carenero uhartean, inguruko bizilagunek agintariei abisua eman zietenean. Ondoren, Fiskaltzako funtzionarioak bertara joan ziren gorpua jasotzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun