Erandiok herritarren parte-hartzea ireki du Energia Jarduketako Plan Orokorra egiteko

Ander Zarraga 2024ko abu. 16a, 10:08

Azaldu dutenez, egitasmo hori ezegonkortasun geopolitiko gero eta handiagoko eta energia-krisiko testuinguru batean sortu dute, non kontsumoaren % 80 erregai fosiletatik datorren, larrialdi klimatikoa areagotuz. Egoera horren jakitun, Udalak hainbat ekimen ezarri ditu azken urteotan, hala nola Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana eta Klima Aldaketara Egokitzeko Plana, biak ere garapen iraunkorragoa sustatzera bideratuak.

Energia Jarduketarako Plan Orokor berriak, eraginkortasun energetikoa handitzeaz eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeaz gain, Udala, enpresak eta herritarrak integratuko dituen tokiko Energia Komunitate baten sorrera bultzatu gura du, autokontsumo kolektiboa lortzeko. Gainera, Udalak jakinarazi du energia kudeatzeko sistema automatizatu bat garatzen ari dela IKT plataforma baten bidez, 2030erako autonomia erkidegoan ezarritako helburu energetikoak lortzea ahalbidetuko duena.

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da prozesu honetan. Hori dela eta, Udalak herritarren eskura jarri ditu planaren zirriborroaren emaitza nagusiak, energia-diagnostikoa eta jardueren hasierako proposamena barne.

Herritarrek hirigintza@erandio.eus helbidera bidal ditzakete iruzkinak eta iradokizunak, 2024ko abuztuaren 30era arte. Hala herritarrak aktiboki inplikatu gura dituzte ekimenean, tokiko beharretara egokitutako eredu energetiko iraunkorrago baten eraikuntzan, klima-aldaketa arintzeko eta Erandion bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun