Batetik, Martiartuko dorre ikusgarria hurbiletik ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte. Urriaren 19an euskaraz eta 26an gazteleraz egingo dituzte, zapatuak biak, 12:00etatik 14:00ak arte. Hainbat menderen ostean, eraikuntza honek Unbeko mendi-hegala zaintzen jarraitzen du, leinu biren arteko itunaren adierazgarri: Ochoa Ortiz de Asua eta Agueda de Getxo eta Martiartu. Begi-bistatik harago doazen eraikin horren hainbat sekretu eta bizipen kontatuko ditu Santi Neira historialariak, berak oso ezagutzen baitu Erandioko iragana eta gaur arte heldu zaigun ondarea.
Bestetik, urriaren 27an, domekan, Asua auzotik portu zaharreraino doan bidearen bila joango dira. XV. mendetik XIX. mendera bitartean garrantzi handiko portua egon zen Asua auzoan, baina, gaur egun, guztiz ezezaguna da. Oraindik dirauten garaiko elementuei jarraituz, antzina salgaiak eramateko erabiltzen zen ibilbidea bilatuko dute, artxibo zaharretan galdutako historia berreskuratuz.
Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan egingo dituzten bisita gidatu hauek doakoak dira, baina 25 pertsonako plaza-kopuru mugatua izango dute, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da Erandioko turismo bulegoan; 944 175 616 telefono-zenbakira deituz eta turismoa@erandio.eus helbidera idatziz.