Astrabudua urbanizatzeko EAJren "ezkutuko ituna" salatu du Erandioko EH Bilduk

Ander Zarraga 2024ko ira. 19a, 16:12

Dow Chemical lantegiak hartzen zituen lurren ikuspegia, Astrabuduatik

EH Bilduk Erandioko gobernu-taldeari interes pribatuak lehenestea leporatu dio, Dow Chemical lantegia zegoen lurretarako hirigintza-plan bat filtratu ondoren. Plan hori PSEren ezagutzarik gabe eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egin aurretik bultzatu omen dutela ere salatu du.

Erandion hirigintza eskandalu berri bat dagoela salatu du EH Bilduk, Astrabuduan etxebizitzak eta lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko plana zabaldu ostean. Sare sozialetan adierazi dutenez, EAJk eta PSEk osatutako gobernu-taldea inbertsio-funts pribatu bategaz eta Construcciones VUSA eraikuntza-enpresagaz hitzarmen bat egiten ari dela onartu omen du Hirigintza zinegotziak. Diotenez, plan horrek are gehiago "hipotekatuko du" udalerria Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berria egiten hasi aurretik. Orain arte, lortutako informazioa mugatua dela onartu dute, "baina nahikoa salatu ahal izateko udalerria gehiago hipotekatuko dutela".

Azaldu dutenez, Astrabuduko Chemical Down enpresa zegoen lurren jabe den inbertsio-funtsak sozietate bat sortu du VUSA eraikuntza-enpresagaz batera, etxebizitzak eta aparkaleku pribatuak eraikitzeko helburuagaz. Hirigintza zinegotziaren arabera, EAJ –PSE jakinaren gainean egon gabe– lanean ari da hilabete bat edo bi barru amaituko den hitzarmen egiten.

EH Bilduk "zentzugabekeria eta astokeria hutsa" bezala deskribatu du tokiko gobernuak proiektu hori aintzat hartu eta onartzea, hain zuzen ere, HAPOren prozesua hasten ari denean. Beraien ustez, tresna horrek Erandioko herritarrek udalerriaren hirigintza-etorkizuna erabakitzeko balio beharko luke. "HAPOa horretarako da, hain zuzen ere. Erandioztarraztarrek inguru horretan zer nahi dugun ikusteko. Etxebizitzak? Enpresak? Bulegoak? Aparkaleku publikoak? Frontoi bat?", galdetu du EH Bilduk.

Era berean, alderdiak salatu du EAJren erabaki horrek, PSEren itxurazko konplizitateagaz, interes pribatuei erantzuten diela, gehiengoaren ongizatea eta nahiak alde batera utziz. Gainera, deitoratu dute PSEk, bere zinegotzietako batek HAPOn erantzukizunak dituen arren, ez zuela hitzarmen horren berri izan. "Zer gobernu mota da hau?", ondorioztatzen du alderdiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun