Erandioko kaleak harriduraz eta dibertimenduz beteko dituzte aste-akabu honetan, adin guztietako herritarrak liluratuta utziko dituen ilusionismo jaialdiaagaz. Hiru egunez, irailaren 27tik 29ra, Erandiogoikoa, Altzaga eta Astrabudua auzoetan sei magia ikuskizun eta 6 urtetik gorako umeentzako tailerrak egingo ditutze.
Jaialdia bariku honetan hasiko dute, 18:00etan, Erandiogoikoko Euskadi Plazan, Alain Zulaika (Niala) magoaren emanaldiagaz. Oraingo honetan, Nialak ustekabeko trikimailuakaz harritzeaz gain, Rubiken kubo bat begiratu gabe konpontzea bezala, umorez eta misterioz betetako esperientzia bat ere eskainiko du familia osoarentzat.
Zapatu goizean, Altzagako terrazak eta plazak magiaz beteko dituen show ibiltari batez gozatu ahal izango dute Magipoteoan. Jaialdiko plater nagusia iluntzean helduko da, 20:00etatik aurrera Merkatu Zaharrean. Horretan, Magomigue, Gisell, Xabi Linazasoro, Shado eta Asis Hansson magoek ikuskizun paregabea eskainiko dute.
Domekan, jaialdiak Astrabuduako Josu Murueta Kultur Etxean jarraituko du, umeentzako doako tailerrakaz, 11:00etatik aurrera. Gainera, Altrius magoak ¡Magos Arriba! ikuskizun komikoa aurkeztuko du 13:00etan, egoera barregarri eta harrigarrien karrusela eskainiz. Jaialdiari amaiera emateko, 18:00etan, Tor eta Txoborro magoek XX. mendeko Freak Showetan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko dute, Josu Muruetaren plaza pertsonaia arrotzez eta familia osoarentzako umoreagaz betez.