Koldo Bilbaok (BBK), Alex Ygartuak (Kultiba), Aitziber Oliban Erandioko alkateak eta Pablo Astrainek berak aurkeztu dute proiektua. Azaldu dutenez, Erandioko herritarren eta eragileen boluntario-talde bat sortuko dute bertako istorioak biltzeko, eta horiek inspirazio iturri izango dira Astrainek margotuko dituen horma-irudi komunitarioentzat.
Astrain ezaguna da hainbat herrialdetako eremu publikoetan egindako esku-hartzeengatik, eta, oraingo honetan, komunitatea ere inplikatu gura sormen-prozesuan, bertako historia eta espiritua bere obran islatzeko.
Aitziber Oliban alkateak proiektua aurkeztu du zera azpimarratuz: "Erandion gure historia kontatzeko eremu bertikalen erabilera ezaguna da; horren adibide dira Altzagan edo Erandiogoikoan ditugun muralak". Halaber, udalburuak egitasmoaren izaera "kolaboratiboa" ere azpimarratu du, herritarren ekarpenakaz batera egingo den artelana izango delako, "eta hori Hiri Hezitzailearen markoaren helburuarekin bat dator".
Ygartuak azaldu du BBK Landa Eremu Art bigarren deialdi honetarako artisten proposamenak hirukoiztu egin zaizkiela: "Askotariko eta kalitate handiko proposamenak jaso ditugu, eta horrek Erandiogaz hoberen konektatzeko aukera berriak aztertzeko aukera eman digu".
Azkenik, Astrainek aurreratu du proposamena erandioztarrengandik zein berarengandik jaioko dela. "Beraiek kontatzen didatena nire lengoaia piktorikora itzultzea izango da gakoa", adierazi du. Aurretik ere antzeko proiektu komunitarioak egin izan ditu Astrainek, eta, horregatik, oraingo honetan ere herritarrei parte hartzeko deia egin gura izan die.
Prozesua
Azaldu dutenez, laster deialdia zabalduko dute erandioztarrentzat, egingo duten lehen saiora gonbidatuz. "Hori sare sozialetatik eta udalerriko kaleetan jarriko ditugun kartelen bidez iragarriko da", aurreratu du Ygartuak, gaineratuz, erakundetik ere udalerriko eragileak identifikatu dituztela proiektuan parte hartzeko.
Irekia izango den taldea osatzen dutenean, proposamenaren nondik norakoak eta kokapena zehazteko hiru edo lau saio egingo dituztela ere iragarri du Kultibakoak: "Prozesuak zehaztuko digu nolakoa izango den mural berri hau, beraz, mural bakarra edo bat baino gehiago izan daitezke emaitza".
Proiektu hau bat dator 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuekin, eta landa-komunitateen garapen jasangarria eta inklusiboa bultzatzen du.