Gertakaria zapatuan izan zen, goizeko 09:00ak aldera. Lekukoen arabera, gizon bik osatutako bikotea eztabaidan ari zen Astrabuduko metro-geltokiko nasan, atxilotuak bikotekideari eraso egin eta trenbidera bultzatu zuenean. Metroa igaro baino minutu batzuk lehenago, makinistak, egoeraz oharturik, konboia garaiz gelditzea lortu zuen, biktimak harrapatzea saihestuz.
Segurtasun Sailak jakinarazi du erasoa jasan zuena, trenbidera erorita buruan kolpe handia hartu zuena, Gurutzetako ospitalera eraman zutela berehala, eta han artatu zuten lesioengatik.
Aldiz, erasotzaileak ihes egin zuen erasoaren ostean, baina Ertzaintzako agenteek handik hurbil atxilotu zuten, hilketa saiakera egotzita. Atxilotua guardiako epailearen esku utzi zuten zapatu arratsaldean, eta deklarazioa hartu eta frogak berrikusi ondoren, aske uztea erabaki zuen, kautelazko neurrien pean.
Xedapenen artean, epaileak urruntze-agindu bat eman zuen, erasotzailea biktimarengana hurbiltzea edo biktimagaz edozein modutan komunikatzea debekatzen duena. Neurri horien helburua da biktima babestea eta indarkeria-gertaera berriak saihestea, prozesu judiziala osatzen den bitartean.
Gazteak kargu larriei egin beharko die aurre, eta, bien bitartean, ikerketak aurrera jarraitzen du agintariek egoera bere osotasunean aztertzen dihardute, eta horrek eragina izan dezake bere egoera penalari buruzko azken erabakian.
Liskarrak ordu batzuk lehenago
Hori ez zen erasotzaileak egun horretan izan zuen liskar bakarra; izan, ere, zenbait komunikabidek jakinarazi dutenez, metro-geltokian erasoa gertatu baino ordu bi lehenago, gazte berak beste liskar bat izan zuen inguruko diskoteka batean. Polizia-iturriek jakitera eman dutenez, gatazkaren ondoren, ertzainak eta osasun-langileak bertaratu ziren laguntza ematera, baina gazteak modu oldarkorrean erantzun zuen, eta han zeudenei errieta eta egin zien.
Jokabide horrek Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen pean espediente bat irekitzea ere ekarri zion, eta horrek are gehiago larriagotu dezake bere legezko egoera.