Erandioko Oroimenak duela 55 urte errepresio frankistaren biktimak izan ziren Josu Murueta eta Anton Fernandez oroitu ditu

Ander Zarraga 2024ko urr. 30a, 10:21

Domekan, urriaren 27an, Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian, Erandioko plataformak "egia, justizia eta erreparazioa" eskatzeaz gain, deitoratu zuten inoiz ez zirela gertatutakoaren inguruko erantzukizunak hartu, eta. 55 urte geriago erandioztarrek kutsadura pairatzen jarraitzen dutela.

Erandioko Oroimena, Erandioko memoria historikoaren elkartea, mobilizatu egin zen aste-akabuan Josu Murueta eta Anton Fernandezen gogoratzeko. Polizia frankistak hil zituen biak 1969an, udalerriko lantegietako isuri kutsatzaileen aurkako protestetan parte hartzen ari zirela. Gazte biak manifestazioak desegiteko auzokoen aurka indarkeria erabili zuen poliziaren errepresioaren biktima izan zirela gogoratu zuten, gaineratuz, protesta horiek herriko emakumeek abiatu zituztela, euren seme-alaben osasuna defendatzeko, industriaren kutsadura gero eta handiagoa baitzen.

1969ko urriaren 28ko gauean, tentsioak goia jo zuen polizia frankistak jendetzaren aurka tiro egin zuenean, eta Anton Fernandez larri zauritu zutenean; 15 egun geroago hil zen. Hurrengo egunean, gertakaria salatzeko greba batean, Josu Murueta ere poliziaren indarkeriaren biktima izan zen. Auzotarrek urtero gogoratzen dute gertakari tragiko hau, justizia eskatuz eta bizia galdu zutenen borroka bizirik mantentzeko.

Horregaz batera, ekitaldian "egia, justizia eta erreparazioa" ere eskatu zituzten eta garai hartako giza eta ingurumen eskubideen urraketak gaur egun ere oihartzun handia dutela azpimarratu zuten. "Gure auzoetako auzo elkarteek eta beste taldeek egoera hau salatzen jarraitzen dute, kalean, plazetan, epaitegietan, Eusko Jaurlaritzan, Erandioko Udalean… baina inork ez du kasurik egiten", ohartarazi zuten ekitaldiaren amaieran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun