Altzagako azoka egiten den aparkalekuan etxebizitzak eta parke bat eraikitzeko asmoa iragarri du Erandioko Udalak

Ander Zarraga 2024ko urr. 31a, 14:37

Gaur-gaurkoz, azoka hartzen duen aparkalekuan egin gura duten hirigintza-proiektuaren irudikapena. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak Altzagako erdigunearen hirigintza proiektu berri baten lehen urratsak onartu ditu Udalbatzan. Gaur egun, azoka egiten den aparkalekuan berdegune handi bat, etxebizitza berriak eta lurpeko aparkalekuak sortu gura dituzte.

Gaur egindako urriko osoko bilkuran oniritzia eman diote eremuaren xehetasun-azterketari eta hiri- eta bizitegi-lurzoruaren birmugaketari. Erabaki horrek etxebizitzak eraikitzeko plangintzaren hasiera eta etorkizuneko plazaren azpian lurpeko aparkalekuak egiteko solairuen diseinua markatzen du. Azaldu dutenez, orain, hirigintza-kudeaketa arduratuko da proiektuaren hurrengo faseak zehazteaz eta jarduketak koordinatzeaz.

Eremu horri dagokion 1B egikaritze-unitatearen esparruan, Erandioko Udalak ziurtatu du eremu horretako irabazizko lurzati eraikigarri guztien jabetza duela, eta, horri esker, hiri-garapena tokiko premien arabera orientatu ahal izango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun