Ertzaintzak pertsona bi atxilotu eta hainbat zauritu ditu Astrabuduan, etxegabetze batean

Ander Zarraga · Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 12a, 09:57

Astrabuduan, 70 urteko emakume bat eta haren biloba etxegabetu dituzte gaur. Hori ekiditeko, elkarretaratzea egin dute hainbat eragilek eta auzokidek eta, protestan, Ertzaintzak pertsona bi atxilotu eta beste hainbat zauritu ditu etxeko atarian zeuden manifestariak kaleratu dituenean. Salatu dutenez, iruzur baten biktima da etxegabetuko duten emakumea.

Karla Pisano Etxebizitza Sindikatuko bozeramaileak azaldu duenez, etxegabetutako 70 urteko emakumeak 7.000 euroko mailegua eskatu behar izan zuen duela sei urte, une horretan zituen finantza-arazoei aurre egiteko, eta daborduko ordainduta zuen bere etxebizitza jarri behar izan zuen abal gisa. Pisanok deitoratu du mailegu-enpresa "iruzurgile" bati eskatu ziola dirua, eta horrek inposatu zizkion interes-tasak "gehiegizkoak" zirela-eta, emakumeak ezin izan duela ordainketei aurre egiten jarraitu, eta ondorioz, enpresak etxea husteko eskatu duela.

Etxebizitza Sindikatuko kideak azpimarratu duenez, emakumeak 700 euroko alargun-pentsioa jasotzen du, eta % 65eko ezintasuna du aitortuta. Gainera, egoera okertu egin da, emakumeak ez baitu bizitoki-alternatiba ziurrik jaso: atzo, sei hilabeterako alternatiba bat eskaini zioten, aterpe batean, baina, sindikatuko kidearen arabera, hori guztiz "zentzugabea" da, emakumeak baduelako berea den etxebizitza bat eta ez delako beharrezkoa Estatuaren eta instituzioen errekurtsoak "xahutzea" kasu honetan.

Egoera horren aurrean, Uribe Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu dute etxegabetzea gelditzeko eta iruzur-praktika horiek biztanleria zaurgarrienean duten eragina agerian uzteko.

Goizeko 09:00ak baino lehen batu dira manifestariak, eta lehenengo ordutik Ertzaintzaren kargak egon dira auzokideak kanporatzeko. Ate aurrean bildu diren pertsonak bortizki kolpatu ditu Ertzaintzak eta horietako bi atxilotu ditu; hainbat zauritu eta gutxienez zortzi pertsona ere identifikatu dituzte. Gedar komunikabideak jakinarazi duenez, horietako bat osasun-etxera eraman behar izan dute.

Segizio judiziala eta sarrailagilea 10:45 inguruan heldu dira Aldaieta Bidea kalean dagoen etxebizitzara, eta, poliziak babesturik, 11:30ean burutu dute kaleratzea, etxe barruan zeuden pertsonak kanporatu ostean.

Azkenik, Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egingo du gaur, azaroak 12, 19:00etan, Josu Murueta plazan, etxegabetzearen "bidegabekeria salatzeko, Erandioko udaletxearen difamazioak gezurtatzeko eta kaleratutako eta atxilotutako pertsonei elkartasuna adierazteko".

Negozioa etxebizitza eskubidearen gainetik

Sindikatutik adierazi dutenez, enpresa horiek kreditu "errazak" eta "azkarrak" eskaintzen dizkiete baliabide gutxi dituzten familiei, eta euren etxebizitzez jabetzeko tranpa bihurtzen dira. "Hemen argi dago negozioa etxebizitzarako eskubidearen gainetik dagoela: familia kaltebera bat etxetik bota dute, eta etxebizitza abusuen bidez aberasten den enpresa baten esku geratzen da", adierazi dute.

Halaber, Sindikatuak kaltetuari eskainitako "miseriazko aldi baterako alternatiba" kritikatu du, "etxebizitza espekulatzaileen esku uztea errazten duen neurri gisa ikusita, familia ziurgabetasunera kondenatzen den bitartean". Elkartearen arabera, Udalak, epaitegiek eta poliziak "ekintza instituzionalizatu" batean lagundu dute enpresa mailegu-emailearen onurak bermatzeko, kaltetuaren eskubideak defendatu beharrean.

Hori dela eta, Sindikatuak etxebizitza bere legezko jabeari itzultzeko eta espekulazio-praktiken zigorgabetasunagaz amaitzeko neurriak hartzeko eskatu du. Azpimarratu du, halaber, mugimendu zabal bat antolatu behar dela doako etxebizitza, unibertsala eta kalitatezkoa eskuratzeko; izan ere, bizitegi-krisia konpontzeko, lehentasuna eman behar zaio pertsonen ongizateari etxebizitzaren negozioari baino. "Etxebizitza eskuratzea ez da negozio bat; guztion eskura egon beharko lukeen eskubidea da, eta ez espekulazioaren menpe", ondorioztatu dute sindikatutik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun