Josu Murueta plaza berrituko dute, irisgarriagoa izan dadin

Ander Zarraga 2024ko aza. 19a, 15:33

Plaza berritzeko lanek bost hilabete iraungo dute. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak 400.000 euro baino gehiago inbertituko ditu Astrabuduko Josu Murueta plazaren ingurua berrurbanizatzeko. Laster hasiko diren obrak 2025eko udaberrian amaituko dituzte, eta eremu atseginagoa, irisgarriagoa eta herritarrentzat pentsatuagoa sortzea dute helburu.

Proiektuak, bost hilabeteko exekuzio epea du eta Karl Marx kalearen oinezkoentzako kale osoa barne hartuko du, ibilgailuen trafikoa ezabatuz plazagaz integratzeko. Gainera, Josu Murueta plaza birzolatuko dute, zuhaitzak eta galtzada-harriak barne hartuko dituen banda berde berri bategaz, eta izkina eta eskaileretako landare-eremuak handituko dituzte, ingurunearen gogortasuna arinduz. Egurrezko altzariak eta argiteriaren trazadura berria ere jarriko dituzte, eremua hobetzeko.

Etxegorri kalean, esku-hartzeari esker plaza zabaldu ahal izango dute eta zuhaitz eta jarleku lerro bat gehitu ahal izango dituzte. Era berean, Karl Marxekin lotzen duen eskailera birformulatuko dute, egonleku funtzionalagoa bihurtuz, diseinu zeharrargiko metalezko pergola arin bategaz, anfiteatroko agertokiagaz harmonizatzen duena.

Hobekuntza gehigarrien artean, udal-iturriek nabarmendu dute harmailak berrituko dituztela, zurezko elementuak gehituz ingurunea leuntzeko eta haren erabilera sustatzeko, landare igokariak dituzten lorezain linealak sortuko dituztela, eta plazako zein agertokiko argiztapena hobetuko dutela. Euriaren aurrean agertokiaren estaldura optimizatzeko aukerak ere baloratzen ari dira.

Herritarren parte-hartzea

Proiektuaren diseinua auzo-elkarteen, Musika Eskolaren eta "Umeen Ahotsa" haur-programaren laguntzagaz egin zutela azaldu du Udalak. Programa horri esker, umeen ideiak bildu ahal izan zituzten, plazaren erabiltzaile nagusiak diren haurren eta gazteen beharrei bereziki erantzungo zien gune bat definitzeko.

Azkenik, azpimarratu dutenez, asmo handiko diseinu horrek indartu egiten du Erandiok hiri-espazio jasangarri eta irisgarriak sortzeko duen konpromisoa, bertako biztanleen eskaeretara egokituta eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun