Erandioko Udaltzaingoagaz batera, operatiboan Ertzaintzaren hainbat baliabidek ere parte hartu zuten, hala nola Brigada Mugikorraren Unitateak, Txakurren Unitateko kideek eta drogak detektatzeko txakurrek, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateko baliabideek eta Getxoko ertzain-etxeko eta Leioako Udaltzaingoko agenteek.
Herritarren Segurtasunerako Lege (HSL) bidezko espedienteen bidez, delituzko edo gizalegerik gabeko portaerak sortzen dituzten pertsonak uxatzeko helburua zuen operazioak, besteak beste, arma zuriak, borrokak edo alkoholaren eta substantzia estupefazienteen kontsumoa bide publikoan ekiditea, hain zuzen. Gainera, beste jokabide batzuk ere eragotzi gura izan zituzten, hala nola kalean pixa egitea, zarata edo zaborra pilatzea, udalerriko bizilagunek hainbatetan eragozpenak salatu baitituzte. Horregaz batera, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak alkohol- eta droga-kontrolak egin ditu diskotekara sartzeko bideetan.
Operazio horren ondorioz, pertsona bat ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik, eta hamar HSL espediente ireki zituzten. Horietako zazpi substantzia estupefazienteak edukitzeagatik, bi piper-esprai edo defentsa-esprai bat edukitzeagatik, eta bat agintaritza-agenteei desobedientzia arina egiteagatik. Bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik 57 zehapen-proposamen ere egin zituzten, eta 20 ibilgailu kontrolatu zituzten, 21 alkoholemia-proba eta lau droga-proba eginez.