Erandioko EH Bilduk ohartarazi duenez, Altzagako haurreskolan plaza nahikorik ez dagoenez, 18 familiak ez dute ikastetxean matrikulatzeko aukerarik izan ikasturte honetan. Urte hasieran, koalizio abertzaleko kideek eskaera egin zuten udalerriko haurreskolak berrantolatzeko, baina Hezkuntza Sailak ezezkoa eman zien, jaiotza-tasaren jaitsiera argudiatuz. Hala ere, adierazi dutenez, eskaera handiak erakutsi du aurreikuspena ez dela nahikoa izan auzoaren benetako beharrak asetzeko.
Zehaztu dutenez, aurten, Haureskolen Partzuergoak Altzagako ikasgelen banaketa berregituratu du, eta eta urte bateko haurrentzako hiru gela eta 0-1 urteko ziklorako gela bakarra jarri ditu. Aurreko urteetan, banaketa "orekatuagoa" zegoela adierazi dute EH Bildukoek, "baina hori ere ez zen nahikoa, ziklo bakoitzerako bi gela baitzeuden".
Aukera gisa, kaltetutako familiei Astrabuduko haurreskolan izena emateko aukera eskaini zitzaiela azaldu dute, baina bertan ere plaza kopuru mugatua dago: bi bakarrik 0-1 urteko ziklorako eta zortzi urtebeterako. Aukera horrek logistika zailtzen duela deitoratu dute hainbat joan-etorri batzuk eskatzen ditu, batez ere aititentzat eta amamentzat, horiek baitira askotan eguneroko zaintzaren arduradunak.
Gauzak horrela, Erandioko EH Bilduk "premiazko bilera" eskatu du Hezkuntza zinegotziagaz eta Haurreskolen Partzuergoagaz, plazen eskaintza Altzaga eta Astrabuduaren benetako beharretara egokitzeko.