Fernando VII.a Erregea, "desiratua" batzuentzat, "azpisugea" besteentzat, 1833ko irailean hil zen, eta herentzia gisa oinordeko biren arteko guda odoltsu bat utzi zuen: batetik, Isabel II.a babesten zuten liberalak eta, bestetik, Carlos Maria Isidro Borboikoaren eta erregimen absolutistaren aldeko matxinatuak. Selektibitatea egin dutenentzako ezagunak izango dira izen horiek, eta anakronikoak iruditu arren, gertaera horiek Euskal Herriko historia baldintzatu zuten ia gure egunera arte, gizarte eta ekonomia eredu bi kontrajartzen baitzituzten. Ez zen gatazka dinastiko soil bat izan, gizarte-eredu biren arteko guda odoltsua baizik.
"Gau glazial baten ilunpetan ari ziren borrokan, elurra zapaltzen, txingorrak astintzen, hezurretaraino zulatzen... Hildakoak elur gainean erorita, zaurituak haitz eta putzuetan arrastaka, inork lagundu gabe; bizirik zeudenek ia itsumustuka eta katuka erasotzen zioten zubiari, eta zalantzarik gabe, arriskua ez ikusteagatik, eraso eta menderatu egin zuten...". Benito Perez Galdos. Luchana. Episodios nacionales
Kontua da hiru urteko odoluste zoroaren ostean, 1836ko udagoienean, karlisten obusek hilabete bi zeramatzatela Bilbon erortzen. Daborduko, Bizkaiko hiriburua hirigune garrantzitsua zen, portu gisa eta finantza-, merkataritza- eta industria-arloan zuen garrantziagatik. Matxinatu karlistek Euskal Herriko landa-eremu ia guztia kontrolatzen zuten, baina hiribururik ez, eta nazioarteko babesa eta diru-sarrerak bermatuko zizkien portu estrategiko baten berebiziko beharra zuten, beraz, Bilbo hartzeak garrantzia handia zuen beraientzat.
Lehen saiakera 1835ean egin zuten, Tomas Zumalakarregi jeneralaren agindupean. "Osaba Tomas" jeneral ormaiztegiarra (Gipuzkoa) Begoñako basilikaren inguruan erasoa zuzentzen zegoela, belaunean zauritu zuten ekainean. Zauria larria izan ez arren, egun batzuetara hil zen, Zegaman (Gipuzkoa), sasi-mediku eta petrikilo batzuen eskuetan. Karlistentzat kolpe lazgarria izan zen haien buruzagi preziatua galtzea, eta handik gutxira, Gaztelatik bidalitako errefortzuei esker, isabeldarrek setioa altxatzea lortu zuten. Baina Bilbo ez zen karlisten mehatxutik libre geratuko
Hurrengo urtean, matxinatuek berriz ere egin zioten eraso Bizkaiko hiriburuari. Nazario Eguia jeneralaren agindupean, karlistek Bilbo bereganatzeko bigarren saiakerako lehen kanoikada 1836ko urriaren 23ean jo zuten. Erasotzaileek laster harrapatu zituzten hiriburuaren inguruko gotorleku eta gune estrategikoenak, eta harresian zuloa egin eta sartzekotan ere egon ziren, baina Evaristo San Miguel jeneralaren garnizioak atzera eginarazi zituzten.
Bilbotarren zoritxarrerako, setioa luzatu egin zen, eta gosea eta gaixotasunak bonbak baino hilgarriagoak hasi ziren izaten: jatekoa gero eta eskasagoa zen; katuak desagertu ziren kaleetatik; eta kolera kasuak ere azaltzen hasi ziren. Hasieran, setiatuek Britainiar Legio Laguntzailearen babesa jaso zuten itsasadarretik, baina Eguiak txalupez egindako zubi bategaz bidea itxi zien. Aurreko urtean gertatu zen bezala, bilbotarrek kanpoko laguntza jasotzeko itxaropena zuten setioa altxatzeko, baina Baldomero Espartero jenerala ez zen azaroaren amaierara arte heldu Portugaletera. Hil horretako 27an, 30ean eta abenduaren 12an, setioa altxatzeko ahaleginak egin zituen, baina ondo gotortutako karlistek eraso guztiak zapuztu zituzten. Bilbo edozein unetan erori zitekeela zirudien.
Batailaren eguna
Abenduaren 19an, britaniar armadako itsasontzien laguntzari esker, isabeldarrek tropak, zaldiak eta kanoiak pasatu zituzten Areetara, eta txalupakaz egindako zubi bat ere eraiki zuten. Jarraian, Galindo ibaia zeharkatu eta posizioak hartu zituzten Lutxanaren aurrean eta Erandioko hainbat puntutan, tartean, Asua ibaiaren eskuinaldean. Helburua zen suntsituta zegoen Lutxanako zubia hartzea eta, hortik, Cabras, San Pablo eta Banderas mendiei eraso egitea.
Adrian Schubert hispanistak Espartero, el Pacificador lanean honela deskribatu zuen bataila jazo zen abenduaren 24 hura: "Eguraldia ikaragarria zen: goizeko euria elurbusti bilakatu zen, eta gero, arratsaldeko erorikoan, erasoa hastera zihoala, Kanadako elur ekaitz baten proportzioak hartu zituen".
Egun horretan, Espartero jeneralak ez zituen bere tropak gidatu, bera ohean kolikoak jota geratu baitzen Jose Maria Jado bilbotar aberatsaren Erandioko jauregitxoan. Oraa jeneralak gidatu zuen bere ordez erasoa.
Goizetik, laguntzera joan ziren britaniar itsas-armadako bi itsasontziek eta ezkerraldean jarritako kanoi liberalek Lutxanako defentsak bonbardatu zituzten egun osoan zehar. Tropen erasoa 16:00ak inguruan hasi zen, txingorra eta elurra botatzen ari zela, zortzi soldadu-konpainiak 30 bat txalupetan itsasadarra zeharkatu eta Lutxanan lurreratu zirenean. Helburua zen Lutxanako gotorlekuak eta Asuaren gaineko zubia hartzea, horrela zubia berreraiki eta Asuako beste aldean zeuden tropek gurutzatu zezaten. Ekaitzaren eraginez, karlistek ez zuten etsaia hurbiltzen ikusi gainean izan arte, eta oso gutxi ziren ustekabean lehorreratu ziren hainbeste soldaduren aurka. Defentsa sutsua egin zuten arren, azkenean, atzera egin eta liberalek Cabras mendia bereganatzea lortu zuten. Isabeldarrek mendian gora jarraitu zuten, eta Banderas eta San Pablo mendietako gotorlekuei baionetakaz eraso egin zieten. Liberalak askoz gehiago izan arren, defendatzaileak tinko mantendu ziren eta, elurra erortzen ari zen bitartean, aurrez aurreko borroka odoltsuak eman ziren, baina ez batak ez besteak ez zuen etsaia menderatzea lortu.
Isabeldarren egoera oso larria zen, etsaiez betetako mendiez inguratuta zeuden, eta atzealdean zuten ibaia ezin zuten zeharkatu, denboraleak itsasadarreko zubia suntsitu baitzuen; gainera, euriak borrokatzen jarraitzea ezinezkoa egiten zuen daborduko leher eginda zeuden soldaduentzako.
23:00ak aldera, Oraa jenerala Esparterorengana joan eta egoeraren larritasuna azaldu zion, ez aurrera ez atzera zebiltzalako, karlistak mendietako gotorlekuetatik ezin aterata. Horren aurrean, Espartero zaldi gainean jarri eta, mina gaindituz, borroka-lekura abiatu zen. Soldaduek jeneral heldu berria goretsi zuten, baina Esparterok une horretako erasoaldia eta Bilbo bera ere galdutzat eman zituen.
Garaiko kroniken arabera, une horretan, tropen erreleboa egiten ari zirela, Oraa jeneralak korneta-jole bati gelditzeko agindua emateko eskatu zion, baina, horren ordez, soldaduak erasotzeko seinalea jo zuen, eta egoera penagarrian zeuden soldaduak, "automatak bezala", erasoari ekin zioten beste behin. Oraak ezpataz korneta dohakabea zeharkatu gura izan zuen une horretan, baina Esparterok, bere gizonen erreakzioa ikusita, besotik heldu eta aginduagaz jarraitzeko esan zion.
Karlisten egoera are okerragoa zen, ez baitzuten ia errefortzurik jaso eta muniziorik gabe baitzeuden. Ustekabeko eraso horren aurrean, soldaduek amore eman eta ihes egin zuten ofizialei jaramonik egin gabe, euren lerroetan nahasmena eraginez.
04:00etarako, liberalek Banderas mendia, haize-errota eta Artxandako etxeak hartu zituzten, karlistek setioa altxatu eta ihes egiten zuen bitartean. Azkenik, 09:00etan, liberalak Bilbon sartu ziren garaile.
Porrota golpe latza izan zen kausa karlistarentzako; hala ere, Esparteroren geldotasunak denbora nahikoa eman zien berrosatzeko, eta gerra 1839ra arte luzatu zen Euskal Herrian, "Bergarako besarkada" bezala ezagutzen den hitzarmena sinatu zuten arte. Liberalek eta karlistek beste guda bi borrokatu zituzten elkarren aurka, eta 1874an matxinatuek Bilbori eraso egin zioten beste behin.