Erandioko EH Bilduk udal-diruzaintzako gerakinaren kudeaketa arduratsua eskatu dio gobernu-taldeari

Ander Zarraga 2024ko abe. 26a, 13:53

Erandioko udaletxea, artxiboko irudian. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko EH Bilduk adierazi du kezkatuta dagoela Erandioko Udalaren diruzaintzako gerakinaren erabileragatik: 2024an 5,4 milioi euro baino gehiago erabili dituzte gastu orokorrak ordaintzeko. Praktika hori araudiagaz bat etorri arren, deitoratu dute horrek zalantza handiak sortzen dituela epe ertain eta luzerako finantza-iraunkortasunari buruz; horrenbestez, etorkizunerako ikuspegia duen neurri zehatzak hartzeko eskatu dute.

Koalizio abertzaleko iturriek azaldu dutenez, Erandioko Udalak gerakinaren erdia baino gehiago hirigintza-proiektuetan eta azpiegitura publikoetan inbertsioak finantzatzeko erabili du. Hala, EH Bilduk kritikatu du zati handi bat gastu errepikarietarako erabili dutela, hala nola gizarte-zerbitzuak mantentzeko, hondakinen tratamendurako eta TAO zerbitzuagaz lotutako azterlan teknikoetarako. Koalizioko kideen aburuz "diruzaintzako gerakinak egonkortasunerako tresna izan behar du, eta ez behin eta berriz udal-aurrekontuaren egiturazko arazoetarako irtenbidea". 

"Diruzaintzako gerakina baliabide mugatua da, eta bereizi gabe erabiltzeak arriskuan jartzen du Udalak etorkizuneko larrialdiei aurre egiteko edo proiektu estrategikoak finantzatzeko duen gaitasuna. Gaur egun, ez da aurkeztu eragiketa horien iraunkortasuna bermatzen duen urte anitzeko finantza-planik, ezta gastu errepikakorretarako gerakinaren erabilera mugatzen duenik ere", adierazi dute komunikatuan.

Ildo horretan, gobernu-taldeari eskatu diote "berehalako neurriak har ditzala, baliabide publikoen kudeaketa arduratsua bermatzeko". Horregaz batera, epe ertain eta luzeko finantza-plana ezartzeko ere eskatu diote, soberakinak inbertsio estrategikoetan erabiltzeko muga argiakaz, eta, beharrezkoa balitz, diru-sarrera arrunten iturriak berrikustea, gerakinekiko mendekotasuna murrizteko aurrekontu operatiboan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun