Erandio aukeratu dute Health4EUKids ekimen europarrean parte hartzeko. Ekimen horren helburua 4 eta 12 urte bitarteko haurren artean osasuna sustatzea eta obesitatea prebenitzea da. Hala, "Erandio mugitzen ari da!" lelopean, programak tokiko hainbat eragile bilduko ditu, besteak beste Udala, hezkuntza-komunitatea, familiak eta lehen mailako arretako zerbitzuak, ingurune osasungarriagoen bidez adingabeen bizi-ohiturak hobetzeko.
Proiektuaren barruan, otsailaren 7an Osasunaren aldeko festa egingo dute Merkatu Zaharrean, 17:00etatik 20:00etara. Ekitaldiak loaren, autoestimuaren eta haurtzaroko frustrazioaren inguruko hitzaldiak eskainiko ditu, baita gosari osasungarrien tailerra ere.
Programa hau ezarriko duten Europako 22 udalerrietako bat izango da Erandio, eta Alemanian eta Finlandian umeen obesitateari eta herritarren ongizate orokorrari buruz egindako ikerketetan oinarrituko da.