Bost pertsona erreskatatu dituzte Erandion etxebizitza-bloke batean sutea izan ostean

Erredakzioa 2025ko ots. 7a, 20:11

Argazkia: Erabiltzaileek HIRUKAri helarazitakoa.

Erandio udalerriko Altzaga auzoan, etxebizitza-bloke batek su hartu du gaur arrastian, eta hainbat suhiltzaile-talde bertaratu dira sua itzaltzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, sutea 18:30 aldera piztu da Ibarra kaleko 5 zenbakiko eraikinean. Suhiltzaileek bost pertsona erreskatatu dituzte eraikinetik, eta bi lagun artatu behar izan dituzte kea arnastuta; azken horiek Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. 20:00ak ingururako, suhiltzaileek sugarrak amatatzea lortu dute.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Erandioko Babes Zibileko arduradun Jesus Rodríguezek azaldu du sutea izan den etxebizitza-blokeko eta aldameneko eraikineko bizilagunak, bederatzi familia guztira, hotel batean igaro beharko dutela gaua, baita hurrengo egun batzuk ere, eraikin bietan izandako kalteak baloratu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun