Erandioko Udalak 2023-2027 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu du, hain zuzen ere, administrazioan hizkuntza normalizatzeko eta sendotzeko estrategia zehazten duen dokumentua. KEMEN esparru orokorra oinarri hartuta, VII. Plangintzaldiaren barruan kokatzen den plan honek udalerriaren hizkuntza-politikak definituko ditu datozen urteetarako.
Udal-iturriek azpimarratu dutenez, planaren helburu nagusia euskara eta gaztelania hizkuntza ofizial gisa aitortuta, euskararen erabilera arautzea eta sustatzea da. Horrela, euskara herritarrekin, erakundeekin, enpresa pribatuakaz eta elkarteakaz izaten diren harremanetan lehenetsi gura dute, eta baita Udaleko lan hizkuntza gisa ere.
Udaletik adierazi dutenez, plan honek euskararen presentzia eta erabilera indartzea bilatzen du, administrazioan eta herritarren artean euskarazko zerbitzuak bermatuz. 2027ra arteko plangintzaren garapena eta eragina ebaluatzeko jarraipen-sistema bat ezarriko dela ere jakinarazi dute.